Fisika kuantikoari ikuspegi artistikotik begiratzen dion erakusketa, Tabakaleran ikusgai

Tabakalerak Visiones cuánticas erakusketa jarri du ikusgai, Zientzia eta Teknologia Kuantikoen Nazioarteko Urtearen eta Tabakaleraren hamargarren urteurrenaren testuinguruan. “Unibertso kuantikoak dituen aukera ugariak jardunbide artistiko garaikideen bidez arakatzen ditu erakusketak, Tabakalerak azaldu duenez.
Monica Bello Arts at CERN erakundearen zuzendaria da komisarioa, eta nazioarteko artista hauen obrak bildu dituzte: Alice Bucknell (2023ko Urrezko Maskorraren irabazlea) Jaione Camborda, Libby Heaney, Joan Heemskerk, Abelardo Gil-Fournier, Nicole L’Huillier, Yunchul Kim, Adriana Knouf, Yuri Pattison, Marina Rosenfeld eta Semiconductor (Ruth Jarman & Joe Gerhardt).
“XX. mendean zehar, fisika kuantikoak unibertsoa ulertzeko modua irauli zuen. Ziurgabetasuna, probabilitatea eta zehaztugabetasuna bezalako kontzeptuek, zientzia ez ezik, gure mundu ikuskera ere eraldatu zuten. Visiones cuánticas iraultza horretatik abiatzen da, kuantikak pentsamendu modu berriak nola inspiratzen dituen, ziurtasunak zalantzan jartzen dituen eta ezagutzaren mugak berriz definitzen dituen aztertzeko”, nabarmendu du Tabakalerak.