Nerea Kortabitarte donostiarrak poema liburu bat argitaratu du
'Merezco una primavera' bilduma 57 poemek osatzen dute. Ostegunean, hilak 27, aurkeztuko du Fnac-en, 19:00etan.

Nerea Kortabitarte kazetariak (Donostia, 1975) Merezco una primavera poema liburua argitaratu zuen 2024an eta ostegunean, hilak 27, aurkeztuko du Fnac-en, 19:00etan. Bere bosgarren lanean XXI. mendean emakume izateak esan nahi duenaren konplexutasunetan murgiltzen da, “babesik gabeko mundu batean, eta erresistentzia ekintza modura, samurtasuna aldarrikatzen duen bidaia poetikoa” proposatuz. 57 poemaren bitartez, emakume baten bizitzako funtsezko etapa edo uneak irudikatu ditu eta, poema bakoitzarekin batera, emakume batek interpretatzen edo idatzi duen abesti bat eskaintzen du, era horretan playlist bat osatuz.
“Orrialde hauek eguneroko garaipen txikiak ospatzen dituzte, eta gogoratzen digute negurik gogorrenetan ere, udaberri bat merezi dugula”, azaldu du idazleak. Hautatutako izenburuak Virginia Woolf idazlearen “Bai, udaberri bat merezi dut eta ez diot inori ezer zor” esaldi ezagunari heltzen dio, eta edukian erreferentziak egin dizkie ere bai Julio Cortazar eta Antonio Machado idazleei, bai Leonard Cohen eta James Vicent McMorrow musikariei.
Kortabitarte Informazio Zientzietan lizentziaduna da eta Marketin Digitalean masterra du. Bere ibilbide profesionala Cadena SER irratian hasi zuen eta Informativos Telecincon lan egin zuen ondoren. Donostiako Plan Estrategikoaren, Fnac Donostiaren eta Dock of the Bay edo Crossover Festival bezalako jaialdien Komunikazio arduraduna izan da. Gaur egun, Factoría de Comunicación Cultural zuzentzen du, kultura-sektorean espezializatutako bere komunikazio-agentzia. Horrez gain, orain arte 5 liburu argitaratu ditu Kortabitartek: Merezco una primavera (2024), Baloreak (2023), Gora ezberdintasuna, Juliette! (2022), Juliette eta Lurra izeneko planeta bat (2020) eta Juliette, neska ausarta (2019).
Ilustrazioak Zuriñe Uriartek egin ditu. Kolore bakarrean, beltzez, egindako irudiak dira eta marrazki guztiak hosto iraunkorreko zuhaitz batenak, artea, dira, “beti dago berde, beti da udaberria”, argitu du marrazkilariak. “Ilustratzailea naizen aldetik, natura interesatzen zait, eta, batez ere, zuhaitzak. Punta fineko errotulagailuekin marrazten dut, eskuz, eta marrazkiek liburuan duten tamainaren % 100ean”.