Udaberriko arte eszenikoen egitarauak 51 proposamen dakartza
Apiriletik ekainera bitartean, 23 antzezlan, hamalau kontzertu eta zortzi dantza sorkuntza eta sei haur ikuskizun antolatu dituzte. Baita Giza Eskubideen 22. Zinemaldia ere.

Donostia Kultura goizean aurkeztu du udaberriko arte eszenikoetako ordainpeko programazioa. Guztira 51 ikuskizun aurrera eramango dituzte apiriletik ekainera bitartean: hamalau kontzertu, 23 antzezlan, zortzi dantza sorkuntza eta sei haur ikuskizun. Halaber, Giza Eskubideen 22. Zinemaldia gauzatuko dute, apirilaren 4tik 11ra bitartean.
Antzezlanen artean, lau euskaraz egingo dituzte: Sustrai Teatroaren Gizon gosetuak (apirilak 5), Txalo Produkzioaken Arizona (Antzoki Zaharra, apirilak 24-27), Kandido Uranga eta Inazio Tolosaren Gabriel Arestirekin (Viktoria Eugenia kluba, apirilak 25-26)eta Jon Plazaolaren Tu, tum platz (Antzoki Zaharra, ekainak 26,27, 29) horrez gain, Tripak Kolektiboaren Platea (Lugaritz kultur etxea, maiatzak 31) antzezlanaren emanaldia elebitan izango da.
Musikari dagokionean, Alex Ubagok kontzertua emango du Viktoria Eugenia antzokian, maiatzaren 22an, eta Kerobiak, aldiz, Antzoki Zaharrean, maiatzaren 17an. Dkluba zikloaren barruan, Nuria Culla donostiarra eta La Otra ariko dira Intxaurrondo kultur etxean, apirilaren 4an; eta Maite Larburu, Lugaritz kultur etxean apirilaren 11n. Larratxon bi jaialdi aurrera eramango dituzte: Donostia Prog-Tech fest (apirilak 5) eta Burdina Astintzen (maiatzak 17). Musika klasikoaren alorrean, V. Batura Zikloa (Viktoria Eugenia klub, apirilak 22, apirilak 29 ekainak 3). Apirilaren 30ean, Jazzaren Nazioarteko Egunaren harira, James Brandon Lewis Triok joko du Viktoria Eugenia klubean.
Dantzan, aipagarriak dira Eneko Gil & Koldo Arostegiren Vulnerable ikuskizunaren estreinaldia (Gazteszena, apirilak 5), Dantzaren Nazioarteko Eguneko XXVIII. Gala (Viktoria Eugenia antzokian, maiatzak 4) edota Malandain Ballet Biarritz & Chopin-Saint-Saëns konpainien Soirée de Ballets sorkuntza berria (Viktoria Eugenia antzokia, maiatzak 16-18). Halaber, XXIV. Sevillana Jaialdia (maiatzak 31) eta Lindy Hop dantzaldia (apirilak 26) aurrera eramango dituzte Larratxon.
Txikienei begira, euskarazko antzezlan ugari dituzte aukeran txikienek. Esaterako, Tanttaka Teatroaren Mundua pitzatuta dago, baina hantxe gabiltza oinez (Antzoki Zaharrean, apirilak 13 eta 20) Borobil Teatroaren Ali Baba eta 40 lapurrak (Gazteszena, maiatzak 10), Mari de Jonghen Mr. Bo keinu antzerkia (Antzoki Zaharra, maiatzak 24), edota Porrotx, Marimotots, Pupu eta Loreren Ostirala iritsi da! (Viktoria Eugenia antzokian, ekainak 15).
Ikusi egitarau osoa hemen. Emanaldi hauetarako sarrerak bihar, hilak 25, salgai jarriko dituzte 11:30etik aurrera Viktoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.