Udaleko Gizarte Ekintza Saileko langileek mobilizazioen lehen zikloari ekingo diote ostegunean
Lanuzteak ostegunero 10:00etatik 12:00ak arte izango dira, eta beste aukerarik ez balego, martxoaren 27an grebaren lehenengo eguna izango litzateke.

Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza Saileko langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean. Azken urteotan zerbitzua jasaten ari den etengabeko gainbeheraren lekuko dira, Ogasun, Hezkuntza eta abarrekin gertatzen den bezala. Bizitzako hainbat unetan biztanleak erabiltzen duten zerbitzua dira, eta, gainera, Gizarte Zerbitzuetara sartzeko atea dira.
Iaz, %21 hazi zen artatutako familien kopurua, pandemiaren aurreko urtearekin alderatuta, eta lehen aldiz etorri diren familiak %18 gehiago izan dira aldi horretan. Nabarmendu dute kopuru hori handituz doala urtetik urtera, eta “errealitate horri erantzuna emateko ditugun baliabideak ez dira nahikoak”, azpimarratu dute. “2024an Gizarte Zerbitzuetako Zentroetan jasotako deien %54ri erantzun ahal izan diegu, hau da, gurekin harremanetan jarri behar duten pertsonek egiten dituzten deien ia erdia galtzen dugu”, adierazi dute.
Mobilizazioak ostegunetik aurrera
Kezka ez da soilik lan arloan gelditzen: “Egoera honek donostiarrengan zein langileon osasunean duen eragina ezagutarazi nahi dugu”. Donostiako Udalak erantzunak ematen ez dituela adierazten dute eta, horregatik, mobilizazioen lehen zikloari ekingo diote otsailaren 27an, asteroko lanuzteekin: ostegunero, 10:00etatik 12:00ak arte. Gainera, beste aukerarik ez balego, martxoaren 27an grebaren lehenengo eguna izango da.