Barkaiztegiko pasabidea datorren urteko hasierarako prest egon daitekeela dio Goiak

Martuteneko bizilagunek urteak daramatzate auzoa Barkaiztegirekin lotuko duen pasabide berria eskatzen, eta, hain zuzen ere, aldarrikapen hori kalera atera zuten astelehen iluntzean auzotarrek, mobilizazio jendetsu bat eginez. Horrela, gaiaren inguruan hitz egin du astearte goizean Eneko Goia alkateak, eta nabarmendu du udalak ez duela pasabidearen proiektua “inoiz bertan behera utzi”: “Behin eta berriz planteatu diogu erreklamazio hori Adif erakundeari, beraiek egin behar baitute esku hartzea, haiek baitira, trenbide pasabide hesiduna kentzearekin batera, pasabideari alternatiba bat emateko konpromisoa hartu zutenak”.
Era berean, alkateak azaldu du udalak Adifeko presidentearekin egin zuen azken bileratik dakitela Adifek proiektua baduela esku artean: “Badago oinezkoen pasabidea eraikitzeko proiektua, eta proiektu berean dago trenbidearen gainetik igarotzen den zubibidearen ordezkapena. Arazo ugari sortzen ditu zubibide horrek, 90 graduko birak dituelako, ibilgailu jakin batzuentzat ezinezkoak direnak. Bi esku hartze horiek lizitaziora aterako dira, eta aurreikusten da datorren urtearen hasieran gauzatuko direla, ematen zaigun dataren arabera”.
Hala ere, alkateak aitortu du Adifek “proiektuak idazteko eta gauzatzeko izaten dituen erritmoak” ez direla udalari gustatuko litzaizkiokeenak.