Cristina Enea fundazioak eta FCCk Eskolan Konposta proiektuaren hitzarmena berritu dute

Cristina Enea fundazioak hamaika urte daramatza Eskolan Konposta proiektua garatzen Donostia eta inguruko ikastetxeetan. Proiektu honen bidez, “ikasleak kontzientziatu eta sentsibilizatu nahi dira hondakinen gaiaren inguruko bilketaren garrantziaz, zehazki materia organikoaz, ondoren konposta egin ahal izateko”, adierazi dute.
Iñigo Garcia Ekologiako zinegotziak adierazi duenez, “garrantzitsua da herritarrak kontzientziatzea egunero sortzen ditugun hondakinak murriztu behar direla, besteak beste, zaborretara botatzen jarraitzen dugun materia organikoa. Kontzientziazio hori eskola ingurunean hasteak, gazteenekin, balio espezifiko esanguratsua du. Iaz, edukiontzietan eta hiriko ekoizle handietan bildutako materia organikoa 9,5 tona izan zen, eta ingurumena hobetzen laguntzeko modu egokia da konpost moduan berrerabiltzeko programetan eta politiketan eragitea”. Aurten, FCCk 60 ontzi eman dizkio Cristina Enea fundazioari, baina, urteotakoak kontuan hartuta, 980 banatu dituzte orain arte.
Ingurumena zaintzearen garrantzia
Programa ikastetxeetan bertan garatzen da. Hau da, Cristina Enea Fundazioak ez ditu soilik konpostagailuak instalatzen, baizik eta ikastetxeko langileen eta ikasleei saio didaktikoak ematen dizkiete. Proiektua hasi zenetik, 20.000 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute eta 800 klase baino gehiago egin dira.
Xabier Zabala FCC ingurumen arduradunak nabarmendu duenez, “pozik” daude “ekimen honetan parte hartzen jarraitzeaz”: “Beti pentsatu izan dugu gure hondakinen kudeaketari buruzko kontzientziazioa gaztetatik ikasi behar dela. Horrela, ikaskuntzatik kudeaketa horretan denok izan behar dugun ardura igaroko gara”.