Kontxako barandaren 275 zati zozkatuko dituzte

Donostiako Udalak Kontxako baranda zaharraren 275 zati zozkatuko ditu, lehenengo arrapalaren eta La Perlaren artean zeudenak. Donostiako Udalak denbora asko darama baranda berritzeko prozesuan murgilduta, eta hainbatetan zozkatu ditu baranda zati zaharrak, orain egingo duen moduan.
275 zati horietako bakoitzak 185 euroko prezioa izango du, Eneko Goia alkateak azaldu duenez, hori baita entregatzeko prestaketaren kostu estimatua. Adinez nagusi diren Donostian erroldatutako zein hirian jaiotako pertsona guztiek eman ahal izango dute izena zozketan. Hala ere, hirian erroldatutako pertsonen multzoak izango du lehentasuna, . Behin talde hori beteta, oraindik baranda zatiak geldituko balira zozkatzeko, hirian jaiotakoen artean zozkatuko lituzkete. Eskaera bakarra egin ahal izango da pertsona bakoitzeko.
Martxoaren 3an irekiko dute zozketa izena emateko epea, edozein udal egoitza fisikotan eta modu telematikoan, udalaren webgunearen bitartez. Apirilean zehar argitaratuko dute onartutako presonen zerrenda, eta erreklamazioak aurkezteko epea irekiko dute orduan. Horrela, behin betiko zerrenda maiatzaren lehenengo astean argitaratuko dute: eskaera kopurua baranda zati kopurua baino txikiagoa bada, zuzeneko esleipena egingo diote hirian erroldatutakoen taldeari, eta sobratzen diren zatiak hirian jaiotakoen artean zozkatuko dituzte. Eskaera kopurua handiagoa bada, aldiz, zozketa bidez esleituko dituzte zati guztiak.
Zatiren bat esleitzen zaion pertsona bakoitzak bere zatia jaso beharko du, eta bere kabuz garraiatu beharko du, baita elementuak behar bezala erabiltzeko konpromisoa hartu ere. “Erabat debekatuta dago gero horiek saltzea, erreproduzitzea eta, jakina, merkaturatzea edo bestelako xedapen egintzarik egitea”, nabarmendu du alkateak.
Zati bakoitzak 80 zentimetro neurtzen ditu eta 50 kiloko pisua du, eta desmuntatzearen ondorioz sortutako egoeran entregatuko ditu udalak, oxidazioa, soberakinak eta pintura zaharrak kendu gabe.