Tasa turistikoak «7,5 edo 8 milioi euroko diru sarrera suposatuko lioke udalari», Goiaren arabera
Eusko Jaurlaritzari eskatu dio "lehenbailehen" proposamen zehatz bat egin dezala, tasa turistikoa sortzearen inguruan.

Donostiako Udala aspalditik agertu izan da tasa turistikoa ezartzearen alde eta, berriki, Zarautzeko Udalak ere jarrera bera agertu du. Eusko Jaurlaritzari dagokio, ordea, zerga horren inguruko proposamen bat mahai gainean jartzea, eta, hain zuzen ere, Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, “bada garaia proposamen zehatz bat mahai gainean jartzeko”. Astearteko Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan kazetarien galderei erantzunez egin ditu adierazpenak, eta nabarmendu du diru sarrera garrantzitsua suposatuko lukeela udalarentzat.
Alkateak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak, eratu zenean, bere gobernu programan jaso zuela tasa turistikoaren figura sortzea: “Zortzi hilabete pasatu dira ordutik, eta uste dugu badela garaia proposamen zehatz bat mahai gainean jartzeko; hori da eskatzen duguna”.
Era berean, gaineratu du lantalde bat eratu zela tasa turistikoaren figura sortzea aztertzeko, eta Javier Hurtado Dominguez sailburu sozialista “konprometitu” egin zela “sei hilabeteko epean proposamen bat jartzeko mahai gainean”: “Epe hori pasatu da dagoeneko. Okerrena litzateke ezer ez egitea, eta espero dut hala ez gertatzea”, adierazi du Goiak.
Eragina udalengan
Tasa turistikoa ezartzearen alde ez ezik, tasa horrek udalengan “eragin zuzena” izatearen alde agertu da Goia: “Hau da, udalak jaso beharreko diru iturria izan beharko litzatekeela uste dugu, udalak direlako presio turistikoaren eragina lehen lerroan jasaten duten erakundeak, hor ez dago zalantzarik”.
Horrela, alkateak datu argi bat ekarri du hizpidera: “Iazko datuei begiratzen badiegu, bi milioi gaualdi izan genituen gure hirian, eta bakoitzeko 3,5 edo 4 euroko zerga bat ezarrita, horrek 7,5 edo 8 milioi euroko diru sarrera suposatuko luke udalarentzat”. “Ezin dugu hori pasatzen utzi eta lehenbailehen jarri behar da proposamena mahai gainean”, nabarmendu du.