'Zorretan' antzezlanak irabazi du 25. Donostia Antzerki Saria

Hika Teatroa konpainiaren Zorretan antzezlanak irabazi du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta Donostia Kulturaren 25. Donostia Antzerki Saria. Agurtzane Intxaurragak zuzendutako lan hau izan da 2024an helduentzako antzerki konpainia profesional batek euskaraz hirian eskainitako antzezlanik onena. Miren Gaztañaga, Jabi Barandiaran eta Iñake Irastorza aktoreak dira protagonistak.
Maitasunaz eta zainketaz modu lotsagabe bezain arinean hitz egiten duen kontakizun intimoa da. Istorioari dagokionez, hau da sinopsia:
Emakumea eta gizona bikote dira aspalditik. Gaur emakumea aztoratuta iritsi da etxera. Amarekin telefonoz hitz egin du eta beraiekin bizitzera datorrela ulertu dio. Uste du hori dela bere egonezinaren arrazoi eta etxera iristean, gizonari kontuak eskatzen hasiko zaio. Hau ere ez dago bere onenean, ordea. Egun handietarako erabiltzen duen gorbata berdea aurkitzen saiatzen ari da eta urduri dago. Are urduriago emakumeak berea den pijama soinean duela jantzita ikustean. Joan egin behar du, baina ezerk ez dirudi lekuan. Etxea aldrebestuta izateaz gain, badirudi bizitza dela aldrebestu zaiena. Emakumea normaltasunera itzultzeko borrokan ari da, baina lur azpian hondoratzen ari dela sentitzen du eta eusteko moduan daukan esku bakarra amarena omen. Emakumeak, ez du nahi eta uko egiten dio hori horrela izateari. Nahiago lur azpian bizi azal lodiko sator bihurtuta amarekin baino.