180 minutu besterik ez dira gelditzen beste final bat jokatzeko
Realak eta Real Madrilek kopako finalerdietako joaneko partida jokatuko dute gaur, Anoetan (21:30), Sucic eta Aguerden itzulerekin.

Urtebete geroago, Realak kopako beste finalerdi bat jokatzeko txartela lortu du berriro. Oraingoan, zaila egingo zaio. Izan ere, Bartzelona, Real Madril eta Atletico aurten Txapeldunen Liga irabazi nahi duten taldeak dira, eta kopan ez dira gutxiago izango. Egia da ez dela erraza izango. Iaz, txuri-urdinek zorte txarra eduki zuten Mallorcaren kontra, baina nork daki aurten izan daitekeen eta apirilaren 26an La Cartujan elkar ikusiko dugun. Agertoki horretan, duela lau denboraldi, 2021eko apirilaren 3an, lortu zuen ospea talde gipuzkoarrak.
Bi taldeen arteko aldea izugarria da, tituluek zehazten duten bezala, baina kopan dena da posible. Arerioak egun txarren bat izan dezake eta donostiarrek irabazi. Futbolean busti ala lehorka egiten da txanpona jaurtita.
Egia da azken astea txarra izan dela Imanol Alguacilen mutilentzat. Hiru txapelketetan baldintzatu dituen baja asko eduki ditu. Une honetan, Reala bere kirol unerik onena bizitzen ari da, nahiz eta hiru egunetik behin jokatzen duten eta lan karga askoz handiagoa den.
Aguerd eta Sucic bueltan dira
Imanol Alguacil lasai dago. Denboraldi honetako bere bi pieza nagusiak, Aguerd eta Sucic, bueltan dira eta atzo deialdian ikusi ahal izan ziren. Oraindik errekuperatu ez direnak Pacheco eta Zakharyan dira. Elizondokoak oraindik aste batzuk ditu aurretik eta errusiarra berriz hautsi egin da. Gaur, normalena Remirok jokatzea da, Aramburu, Aritz, Zubeldia eta Aihen atzean dituela. Zubimendi, Brais eta Sucic zelai erdian eta goian Kubo, Oiartzabal eta Barrenetxeak osatutako hirukotea.
Real Madrilen kasuan, Lunin atezain lanetan arituko da, Thibaut Courtois baja baita. Beste baja batzuk Fede Valverde Uruguaiko erdilaria eta Kylian Mbappe frantziarra dira. Hiru jokalari horiez gain, Jesus Vallejo erdiko atzelaria ere, lesionatuta, ez da Donostiara joango. Mbappek hagin-erauzketa bat eduki zuen atzo eta Fede Valverde, berriz, ez dago jokatzeko moduan, min hartuta dagoelako.