Elhuyar Fundazioak gazteen osasun mentala ardatz duen Zurrunbiloa proiektua aurkeztu du
Egoera gertutik ezagutu eta gazteei arretaz entzutea asmoa du, erronkak identifikatu eta etorkizuneko esku hartzeak diseinatzeko.

Eskola jazarpena, drogak, jokoa, anorexia, antsietatea, depresioa… Gazteen osasun mentala gai konplexua da eta arreta merezi duena. Datuak ikusi besterik ez dago: euskal gazteen artean, bostetik batek osasun mentaleko asaldura bat du diagnostikatua. Antsiolitikoen kontsumoa ere bider sei da gazteen artean. Bereziki deigarria da neskatoei 11-12 urte eskasekin preskribatzen zaizkiela. Zer gertatzen ari den gertutik ezagutzeko eta gazteei arretaz erantzuteko asmoz, Elhuyarrek abian jarri du Zurrunbiloa proiektua Danobatgroupen babesarekin.; eta atzo aurkeztu zuten Ernest Lluch kultur etxean.
Hiru fase ditu. Lehenengoan, bost ikus-entzunezko serie bat osatu dute. Gazteen begirada kontuan hartzeko, 18 eta 24 urte arteko lau gazteren testigantza zuzenak jaso dituzte; beren burua berregin eta ikasitakoa kontatu dute. Haiekin batera, hamar adituk ere parte hartu dute zientziaren “ikuspegi eraikitzailea” gehituz: farmazialariak, psikologoak, sexologoak, psikiatrak, irakasleak, osasun digitaleko adituak… Arduradunek nabarmendu dutenez, “denek bat egin dute: sustrai soziala du krisi honek”.
Hain zuzen ere, horrexegatik, komunitatetik erantzuteko baliabideak sortzea da asmoa. Bigarren fasean, Elgoibarren herriko diagnostikoa egingo dute. Bertan osasun mentalari lotuta dauden baliabide publikoen argazkia egingo dute, eta ondoren, diagnosia abiatuko dute eskoletan. Testigantza eman duten gazteek beren bizipenak partekatuko dituzte Elgoibarko nerabeekin eta haien pertzepzioa jasoko dute. Azkenik, lan saioak egingo dituzte herrian nerabeekin lan egiten duten eragileekin, gazteen ongizate emozionalari dagokionean egiten duten irakurketa ezagutzeko. Argazki orokor horri erreparatuta, arazo nagusiak eta horien eragileak identifikatuko dituzte eta guraso, hezitzaile, teknikari eta abarri bideratutako formazio saioak eskaini.
Hirugarren fasean, gizarteari emango diote protagonismoa. Bi urteko ondorioetan oinarrituta, hausnarketa prozesu bat martxan jarriko dute nerabeen ongizate emozionala zaintzeko gizartean dauden erronkak identifikatu eta etorkizuneko esku hartzeak diseinatzeko.
Egitasmoak zurrunbilo.eus webgunea ere badu. Bertan, kontsulta daitezke adituei egindako elkarrizketak, bai gurasoentzako bai gazteentzako aholku eta proposamenak, baliabideak eta zientzia edukiak eta prestatutako ikus-entzunezkoak ikus daitezke. ETBren babesari esker, Primeran plataforman ere badaude, eta asteartero ETBn pieza bat ikusgai izango da. Gainera, Biba Zuek saioan edukiak aztertuko dituzte.