Elkarrekin Donostiak udalaren inausketa «arbitrarioa» zalantzan jarri du
Kontrol mozio bat aurkeztu du udal gobernuari eskatzeko zuhaitzen gaineko esku hartzea "irizpide zientifiko eta teknikoekin bat" etor dadila.

Elkarrekin Donostiak kontrol mozio bat aurkeztu du udal gobernuari eskatzeko hiriko inausketa politika berrikus dezala, Arboladien Zuzendaritza Planeko irizpide zientifikoekin bat etor dadin. Victor Lasa bozeramaileak adierazi duenez, “ez dira irizpide zientifikoak jarraitzen hiriko zuhaitzen kudeaketan, baizik eta iraganeko inertziak; horrek zuhaitzen balioa eta herritarren ongizatea kaltetzen dituelarik”.
Planaren arabera, inausketak soilik behar-beharrezkoak direnean egin beharko lirateke, baina taldeak salatu duenez, udalak ez du inolako txosten teknikorik aurkezten lanak justifikatzeko eta ez ditu betetzen azpiegitura berdea babesteko ezinbestekoak diren irizpide zientifikoak. Beharrezko ez izateaz gain, koalizioaren esanetan, egungo inausketa sistematikoak “kaltegarriak” izan daitezke hiri zuhaitzen osasunarentzat.
Gainera, hiriarentzat gastu gehigarria ere badela azaldu dute: batetik, beharrezkoak ez diren lanak egiteagatik, eta bestetik, zuhaiztiek hirian eskaintzen dituzten ekosistema zerbitzuak murrizten direlako, energia kudeaketa eta osasun publikoan aurrezteko aukera galduz. Hortaz, Elkarrekin Donostiak uste du praktika honek hiriko biodibertsitatea eta klima-erresilientzia kaltetzeaz gain, diru-xahuketa ere badakarrela.
Hori horrela, aurkeztutako mozioan honakoa eskatu dio udal gobernuari:
- Inausketa-periodikoen beharra berrikustea eta horiek irizpide zientifiko eta teknikoekin bat etortzea.
- Zuhaitzen gaineko esku-hartze bakoitza justifikatzen duen txosten teknikoa aurkeztea.
- Inausketa murrizteko zuhaitzak kentzea saihestea, eta haien egokitzapena eta mantentze iraunkorra sustatzea.
- Arboladien Zuzendaritza Planean jasota ez dauden behar gabeko inausketa-periodikoak ezabatzea.
Lasak nabarmendu du mundu mailan abangoardian dauden hainbat hiritan frogatu dutela behar gabeko inausketak murrizteak dakartzan onurak: “ekosistema urbanoak indartzea, airearen kalitatea hobetzea udal gastuak gutxitzea eta osasun publikoan eta energia-kudeaketan aurrezpen handiak”, eta, beraz, “Donostiak ezin du dinamika zaharkituetan kateatuta jarraitu”.