Emakume langileak XX. mendeko Donostian

Dozenaka lagun elkartu ziren otsailaren 22an, larunbatez, XX. mendeko Donostiako emakume langileen historia oroitzeko ibilbide historikoan, Donostiako Itaiak deituta. Bulebarretik Tabakalerara, inude, jostun, andereño, bentera, zigarrogile, iragandako urteetan hirian emakumeek izandako lanak, bizimoduak eta borrokak azaldu zituzten Amaiak eta Zuriñek, ibilbidea gidatu zuten bi kideek, iragana eta oraina lotuz Donostiako kaleetan.
Merkataritzara eta zerbitzuetako ekonomiara emaniko hiria izan da Donostia, oro har, azken mendeetan. XIX. mendean harresiak eraitsi eta Espainiatik eta Europa osotik zetozen askotariko familia burges eta aristokraten beharrei erantzuten zieten zerbitzuen ekonomiak izan du pisua, batez ere. Ibilaldia gidatu zuten hizlariek goizean zehar aipatu zutenez, emakume langileen egoeraz eta historiaz datu gutxi dago bilduta, eta batez ere ahozko testigantzak dira haien bizimodua gorde dutenak.
Emakumeek egin ohi zituzten lanak zaintzari lotutakoak ziren nagusiki, emakumeen lan-munduko barneratzea etxeko lanen hedapen gisa hartzen baitzen. Baina horrek ez du esan nahi lan-munduan emakume gutxi ari zirenik. XIX. eta XX. mendeetan “etxeko ekonomia” delakoan jarduten zuen emakume mordoa zegoen. 1912an, esaterako, Donostian soldatapean lan egiten zuten emakumeen %70 etxeko lanetan aritzen zen. Donostian zegoen burgesia merkatariak eta uda igarotzera zetozen maila ekonomiko altuko pertsonen presentziak zerbitzuen beharra handitu zuen: hondartzan, ostalaritzan eta dendetan, besteak beste, emakumeen presentzia ugaria izan zen. Baina ez zen horretara mugatzen. Kaian, tailerretan eta Tabakaleran ere, besteak beste, ezinbesteko lanetan aritzen baitziren.
Alderdi eder
Aberatsentzako zerbitzuen kate horretako askotariko zaintza lanetan aritzen ziren emakumeez hitz egin zuten Alderdi Ederren, Kasinoa zenaren aurrean, ibilaldiak egin zuen lehenengo geldialdian.
Haurrak zaintzen zituztenen artean bi motatakoak bereizten zirela azaldu zuten hizlariek. Batetik, inudeak zeuden, umeei edoskitzen ere ematen zietenak. Normalean seme-alabak zituzten emakumeak ziren, edo seme-alaba hil berriak zituztenak. Inudeen lana hedatu samar zegoen, agentziak ere existitzen baitziren, prentsaren bidez iragartzen zirenak. Bestetik, umeen kargu geratzen ziren emakumeak zeuden. Haien arteko janzkerak ere desberdinak ziren. Inudeek arropa koloretsuak eta moño altua eramaten zituzten, estalki zuri batekin, eta bigarrenek moño baxua estalkirik gabe eta arropa ilaunagoak.
Ahotsa.eus-ek jasotako testigantza batean, Juana Kruzelegik kontatzen du, esaterako, aita hil zitzaienean haien ama Donostiara etorri zela, mediku familia baten inude izateko. Inude eta zaintzaileez gain, baina, baziren neskameak ere. Familia pobreetako eta landa eremuetako neskak aritu ohi ziren lan horretan, Donostiara eta beste hiri eta herri aberatsetara joaten zirenak. Emakume haiek etxeko garbiketaz eta etxeko zerbitzuaz arduratzen ziren oro har. Goizean goiz esnatzen ziren eta gaueko hamabiak arte irauten zuen, askotan, haien lan egunak. Neskame batzuek otorduen eta ostatuaren truke egiten zuten lan, beste batzuek soldata txiki bat ere jasotzen zuten. Moja sartzea izaten zen familia handietako emakumeentzako beste aukera bat. Ibilaldian aipatu zutenez, Donostiara iritsitako neskame gehienak Goierri aldekoak izaten ziren, baita Azkoitia eta Azpeitia ingurukoak ere. Familia dirudunen etxeetan etxe-andereñoak ere izaten ziren, ikasleen etxean bertan lan egiten zutenak.
Joskintzan ere aritzen ziren emakumeak. Baziren etxeetara jantzien konponketak egitera ordu batzuetarako joaten ziren jostunak, baina baita joskintza-tailerretan aritzen zirenak ere. Izan ere, Donostian, XIX. mendean jostundegiak ugaritu egin ziren, batez ere klase burgesaren sendotzearen eta turismoaren gorakadaren ondorioz. Gainera, goi gizarteko turistek erakarrita, Frantziako modista ugarirentzako udako kokaleku bilakatu zen hiria, eta horrek moda kutsua ematen zion Donostiari.
Jostun tailerretan bi langile mota zeuden: alde batetik, tailerrean bertan lan egiten zuten emakumeak. Haien mugimenduak gainbegiratu eta zaintzen zituen maestra baten agindupean egon ohi ziren. Beste modalitatea etxez etxeko lana zen: jostunak ebakitzaileak moztutako pieza kopuru jakin bat jasotzen zuen tailerrean, eta jostunak ezarritako epean josten zituen. Beste batzuetan, oihala bakarrik ematen zieten, beraiek moztu behar izaten zuten eta jantziak amaiturik eman. Lan hori beren etxeetan egiten zuten, eta bertan zituzten beren jabetzakoak ziren beharrezko tresna guztiak.
Alderdi Ederreko itsaso bistak lagun zituztela garbitzaileez ere aritu ziren hizlariak. Emakumeek egindako lanik gogorrenetakoa zen garbitzaileena, Astigarragako eta Loiolako emakumeak aritzen ziren gehienbat horretan, Urumea ibaiaren gertutasunagatik. Langile bakoitzak bere bezeroak zituen, izan familia dirudunak, udatiarrak edo hoteletako bezeroak.
Oinutsik ibili ohi ziren, gune aldapatsuetara errazago igotzeko eta ahalik eta gutxien bustitzeko. Familiaren laguntza ere izaten zuten batzuetan, haurrena, batez ere. Garbitutako arropa haien etxeetan eskegi eta hitzartutako egunean arropa garbia eta lisatuta itzultzen zieten bezeroei. Hizlariek azaldu zutenez, ilargi betea zegoenetan arropa zuria eskegitzen omen zuten, haren argiak zuriketan laguntzen zuelakoan. Denborak eta teknologiak aurrera egin ahala lan horiek lantoki berezituetan egiten hasi ziren. Esate baterako, arropak lisatzeko tailer bat egon zen gaur egun Narru hotela dagoen lekuan.
Kaia
Alderdi Ederretik kaira egin zuen ibilaldiak. Kasinoa zenetik arrantza portua zenera. Asko aldatu baita Donostia azken mendean. Ikerketa historikoetan ez da horren ohikoa izan emakume arrantzaleengan arreta jartzea. Euskal Herriko baserriei, behar bada, arreta handiagoa jarri baitzaie itsas munduari edo hiriguneei baino. Baina azken urteetan, saregileen figuraren aitortzak eman dio horri buelta nolabait. Dena den, Donostiako kaian bertan arrainen tratamenduan emakumeek egindako lanen berri badugu, gutxienez XVI. mendetik. Emakumeak izaten baitziren arraina ontziratu eta kontserbatzeko lanak egiteko txabolak alokatzeaz eta bertako jarduerak antolatzeaz arduratzen zirenak; baita arrainaren komertzializazioaz ere.
Baina emakumeen erroldak ez ditu barnebiltzen lehenengo sektorean egiten zituzten lanak, eta datu gutxi dago. Izan ere, itsas munduko egitekoak familia ekonomiaren luzapen gisa ulertzen ziren eta, beraz, ez ziren ekonomia aktiboaren barnean biltzen, haietariko gutxi baitziren soldatapekoak. Gainera, itsas ekonomia Donostiako ekonomiarik ahulena eta pobreena zen, ez baitzen beste portu batzuetan bezainbeste garatu.
Donostiako kaia aparteko auzo edo ghetto gisa hartu ohi zen. Arrantzaleek eta haien familiek Donostiako gainontzeko hiritarren mespretxuak ere jasotzen zituzten, eta “pescadora” irain gisa erabiltzen zuten emakume eskolagabe, pobre edo jarrera txarrekoei deitzeko. Kaiko emakumeek eta 13 urte inguru zituztela utzi behar izaten zuten eskola, lanean jartzeko.
Paper bikoitza bete behar izaten zuten emakume haiek, batetik, etxeko ekonomiaren gaineko ardura zeukaten, gizonak etxean ez baitziren egoten. Beraz, emakumeek etxeko lanak, seme-alaben zaintza lanak eta etxeko administraziokoak egin behar izaten zituzten. Baina, horrez gain, ezinbestekoa zen etxetik kanpo egiten zuen lana ere, itsasontzia portura iritsi bezain laster lanen gehiengoa emakumeek egiten baitzuten. Pishonera eta bentera lanetan aritzen ziren, besteak beste, emakumeak, baita sareak konpontzen ere.
Pishonerek itsasontzietan heltzen ziren arrainak jaso, sailkatu, pisatu eta saltzen jartzen zituen, baita sareak lehortzen jarri eta konpondu ere. Benterek arraina kaleetan barrena edo postu finkoetan saltzen zuten, oinezko bideak egin ohi zituzten, hirian bertan zein barnealdeko herrietan. Arrainaren prestakuntza eta ontziratzea ere emakumeen zein haurren lana izan ohi zen.
Plaza Berria
Kaitik Parte Zaharrerantz barneratu zen ibilaldia, Plaza Berriraino. Bertan, andereñoen paperaz jardun zuten hizlariek. Garai hartan, emakumeak bigarren mailako subjektu gisa hartzen ziren, eta etxeko eta moralaren transmisio lanak jartzen ziren haien gain. Testuinguru horretan, andereñoen paper tradizionala moralaren transmisioarena izan zen, baina euskararen biziraupenerako ezinbestekoa izan zen andereñoek egindako lana. Elbira Zipitria eta Maria Dolores Goya ekarri zituzten gogora besteren artean, hizlariek.
Bi andereño horiek Donostian ematen zituzten klaseak, baina Espainiako Gerra Zibilean atzerrira egin behar izan zuten ihes. Gerra ostean itzuli eta klaseak ematen jarraitu zuten, baina modu klandestinoan, euskara debekatuta baitzegoen. Zipitriaz eta Goyaz gain, beste hainbat emakumek jardun zuten andereño lanetan. Ildo horretatik, hizlariek garai hartako andereñoen sarea aipatu zuten, antolatu egiten baitziren elkar babesteko, lizentziak elkarri uzteko, txandak egiteko… Emakumeen arteko antolakuntza sustatu zuten euskaraz klaseak eman ahal izateko.
Tabakalera
Ibilaldiaren azken geltokia Tabakaleran izan zen. Gaur egun Arte Garaikidearen Nazioarteko Zentroa den eraikina bere garaian tabako fabrika ezaguna izan baitzen. Bertan, hizlariek azaldu zuten bigarren sektorean lan egiten zuten emakumeak gutxi zirela, ekonomia aktiboan eta soldatapean zeuden emakumeen %40, gutxi gorabehera. Industriaren baitan, tabako fabrikek esangura nabarmena izan zuten, bertan langileen gehiengoa emakumezkoa izan ohi baitzen: andre zigarrogileak. Haien izena darama orain Tabakalera aurreko plazak.
Tabakalera 1888an hasi ziren eraikitzen, Garibai kalean. Ondoren Urumea ibaiaren beste aldera lekualdatu zuten, hiritik kanpo kokatuz. 1913an inauguratu zuten eta bere jardunak 2002ra arte iraun zuen.
Garibaiko fabrikan 700 langile inguru zeuden. Gerora, fabrika Egian instalatu ondoren, handitu egin zen kopurua. Espainiako tabako fabriken politika jarraituz, gehienbat emakumeak kontratatu zituzten. Banaketa argia zen: emakumeak eskulanaz arduratzen ziren; gizonak, aldiz, makinez eta zuzendaritzaz. Eskulanerako emakumeak kontratatzen zituzten trebetasun handiagoa zutelako modu delikatuan lan egiteko; hala nola, zigarroak biltzeko. Hala, fabrikan hierarkia nabarmena zen, lanpostu eta soldata prekarioenak emakumeek baitzituzten. Urteak pasa ahala emakume langileen kopurua murriztuz joan zen, makinariaren garapenarekin eskulana murriztuz eta makina teknikarien presentzia handituz joan zelako.
Indarkeria matxistak orduko gizartean ere pisu handia zuen, eta andre zigarrogileek egunero sufritu behar izaten zituzten erasoak. Izan ere, emakume asko biltzen zirenez fabrika bakarrean, gizon asko ibiltzen ziren fabrika inguruan emakumeak jazartzen: iruzkin lizunak, haiek goitik behera begira begiratzeko gizonezkoek osatutako “pasiloak” eta jarraipenak ohikoak ziren. Indarkeria testuinguru horretan emakumeak antolatu egiten ziren lanera elkarrekin sartu eta irteteko eta etxera bueltak bakarrik ez egiteko. Elkar babesten zuten garai hartan ere. Haien babeserako antolakuntzak, hainbeste emakume izateak eta haien “independentzia” ekonomikoak izaera berezia ematen zion andre zigarrogileen kolektiboari.
Noski, aipatutako lan horietaz guztiez gain bestelako eta askotariko lanak ere egin izan zituzten emakumeek Donostian: fabriketan, tailerretan, bulegoetan, tabernetan, erredakzioetan… Gehiegitan besteren esanetara eta menpe, baina askotan elkartuta eta borrokan.
Donostian XX. mendean emakume langileen historiari buruzko azalpenak amaitzeko emakume langileentzat horren garrantzitsua den egunari aipamena egin zioten hizlariek: Martxoaren 8ari. Aipatu zuten emakume komunistek agenda politikoan ezarri zuten eguna izan zela Emakume Langileen Nazioarteko eguna. Lehen aldi hartan, 1911n, 30.000 pertsona batu ziren Berlinen, Nazioarteko Emakume Sozialisten Bigarren Topaketetan borroka egunaren proposamena onartu ostean.
Azkenik, Donostiako Itaiako kide batek hartu zuen hitza, eta azken urteetan Martxoaren 8aren zentzu iraultzailearen galera aipatu zuen. 1911n bezala, Martxoaren 8a gaur egun ere borroka-eguna izan behar dela mahai-gaineratu zuen: “Matxismoaren aurka, ideia faxisten eta erreakzionarioen aurka, emakumeon sexualizazioaren aurka, guztiontzako lan eta bizi baldintza berdinen alde eta emakume langileon antolakuntza politiko independentearen alde kaleak har ditzagun”.