«Ezin da alde batera utzi udal gobernuaren erantzukizuna kudeaketa zuzena ez denean»
EH Bilduk kezka agertu du Donostiako zerbitzu publikoen kudeaketaren inguruan, Empark enpresan eta Dbizi bizikleta zerbitzuan egondako kaleratze eta arazoengatik.

EH Bilduk ohartarazi du Donostiako zenbait zerbitzu publiko ez direla behar bezala kudeatzen, eta horrek ondorio negatiboak dituela bai langileentzat bai erabiltzaileentzat. Empark enpresan egindako lau kaleratzeak eta Dbizi bizikleta zerbitzuaren gainbehera bereziki aipatu dituzte. Udal gobernuari eskatu diote zerbitzu publikoen lizitazioen jarraipena zorrotzago egin dezala eta zerbitzu horiek etorkizunean kudeaketa publikora bideratu ditzala.
Jabi Vitoria eta Garbiñe Alkiza zinegotziek gaur goizean eskaini dute agerraldia eta bertan iritzi desberdinak aipatu dituzte. “Bere eskumen esparruaren barruan, zuzenean edo zeharka eman daitezkeen zerbitzuak ematen ditu. EH Bildun hala uste dugu: udal zerbitzuen zeharkako kudeaketa justifikatu behar dela. Ezin dugu inertziaz ontzat eman zeharkako kudeaketa bidez ematen diren zerbitzuak eraginkorragoak direnaren uste orokorra”, defendatu du Vitoriak. Gainera, zinegotziek ardura adierazi dute Donostiako hiri zerbitzuen gestioaren inguruan, batez ere, Empark enpresan egindako lau kaleratzeen eta Dbizi bizikleta zerbitzuan izandako arazoen harira.
EH Bilduren ustez, “Donostiako mugikortasun jasangarriaren eredua sakonago aztertu behar da. Udal gobernuak Isuri Gutxiko Eremuak (IGE) ezarri dituen arren, horrek ez du nahikoa eragin mugikortasunaren arazo nagusietan”. Hau da, EH Bilduk ikuspegi integralagoa defendatzen du, eta, horretarako, hirian hainbat aldaketa egitea proposatu du: oinezkoentzako gune gehiago sortzea, bizikletentzako espazioak zabaltzea eta garraio publikoaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzea. “Ezin da alde batera utzi udal gobernuaren erantzukizuna kudeaketa zuzena ez denean”, nabarmendu dute zinegotziek.
Lau kaleratze Empark enpresan
Bestalde, lurpeko aparkalekuen kudeaketa publifikatzearen aldeko apustua egiten du, txandakako aparkaleku kopurua murriztuz eta auto pribatuen presentzia mugatu. Hiriko aparkaleku publiko batzuk Empark enpresak kudeatzen ditu, eta bertan izan diren azken kaleratzeen kezka eragin du Garbiñe Alkizak. “Emparkeko lau langile kaleratu dituzte Katalunia plazan, Okendon eta Kontxan 23:00etatik 07:00etara segurtasun langileak kontratatu behar izan dituztelako”.
Dbiziri dagokionez, arazoa zerbitzuaren kalitatea dela jakinarazi dute. “2020an martxan jarri zenetik daturik altuenak baitira gaur egun erregistratzen direnak. Joan-etorriak (eguneko 5.000) eta sarea bera (67 geltoki) ugaritu badira ere, lan-karga hasierako langile berberek hartu dute bera gain, eta kalitateak nabarmen egin du okerrera”. Egoerarekin kezkatuta daudela azaldu dute.
EH Bilduk hurrengo eskaera egin dio udal gobernuari: “2025 honetan neurriak har daitezela Dbiziko zerbitzuaren kalitatea bermatzeko, eta, egungo lizitazioa amaitu ondoren, 2028an, EAJ ren eta PSEren gobernuak behar diren pausoak eman ditzala bizikleten zerbitzuaren kudeaketa zuzenerako”.