Herenegun taldeak 'Ekaitza' dakar

Antiguako Herenegun zortzikoteak hirugarren lana argitaratuko du udazkenean. Aurrerapen moduan, Ekaitza singlea estreinatu dute. Haritz Harreguyrekin grabatu dute Usurbilen duen estudioan, eta Victor Garciak masterizatu du Kataluniako Ultramarinos estudioan.
Aitor Erkiziak eta Mikel Zubillagak zuzenduriko bideoklip batekin aurkeztu dute singlea. Aiora Enparantza eta Miren Arrieta aktore donostiarrak dira protagonistak.
Balaunka zigiluak hauxe dio kantaz: “Garaikideagoa den soinutik eta tonu malenkoniatsuez baliatuz, gero eta ziurgabetasun gehiago duen mundu eta etorkizun baten aurrean sortzen den kezka transmititu nahi du”.
Herenegun banda duela hamar urte sortu zuten, eta, ordutik, ska, reggae eta rock erritmoak nahastu dituzte. Abesti alaiak eta dantzagarriak sortzea gustuko dute. 2020an plazaratu zuten Zer dakarren aurreneko lana, 2023an Bi mundu izeneko bigarrena, eta udazkenean kaleratuko dute hirugarrena.