Loiolako araztegiko aireztapen sistema hobetu dute, energia kontsumoa %25 murrizteko

Loiolako Hondakin Uren Araztegiko (HUA) aireztapen sistema hobetu dute, horren bidez azpiegitura horren energia kontsumoa %25 murrizteko helburuarekin. Inbertsioa 116.657 eurokoa izan da, eta Europako Batasuneko Next Generation EU funtsekin finantzatu dute, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren bidez. Zehazki, hondakin urak behar bezala tratatzeko airea ematen duten 8.000 difusoreetako mintzak ordezkatu dituzte.
Añarbeko Urak erakundeak azaldu duenez, Loiolako HUAko arazketa prozesuek “energia elektriko ugari behar dute, eta urtean 15.000 MWh-ra iristen dira. Kontsumo hori 4.300 etxebizitzarena da, Loiolako kuarteletan proiektatutako etxebizitzen bikoitza baino gehiago. Energia hori guztia ezinbestekoa da uraren tratamenduaren hainbat fasetarako, Monpaseko itsaspeko isurbidearen bidez itsasora itzuli aurretik”.
Halaber, erakunde horren arabera, araztegiko aireztapen sistemak azpiegitura osoaren kontsumo elektrikoaren %40 hartzen du, eta aipaturiko hobetze lanekin prozesu horretarako behar zen energiaren %25 aurreztuko dute.
Prozesuaren nondik norakoak
Añarbeko Urak-ek azaldu duenez, “tratamendu biologikoa prozesu bat da, non mikroorganismoek (batez ere, bakterioek) ura kutsatzen duen materia organikoa deskonposatzen duten. Prozesu horri esker, materia organiko hori araztu egiten da ingurumenera itzuli aurretik. Airea injektatzea beharrezkoa da, bakterio horietako askok oxigenoa behar dutelako bizirik irauteko eta beren lana modu eraginkorrean egiteko”.
Bestalde, erakundeak hizpidera ekarri du Digurbe proiektuak, Donostialdeko uraren zikloaren digitalizazioa xede duenak eta Añarbeko Urak eta mankomunitateko udalerriek batera aurkeztu dutenak, 5,03 milioi euroko diru laguntza jasoko duela Europako funtsetatik, “Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Uraren Hiri Zikloaren Digitalizaziorako PERTEren bidez”. Proiektuak 52 jarduketa biltzen ditu, 8,98 milioi euroko aurrekontuarekin; hau da, diru laguntzak jarduketa guztien kostuaren %56 estaliko du.