Zupiriak aitortu du ertzainek «akatsa» egin zutela ZIUra bidalitako emakumearen kasuan
Sailburuak dio Ertzaintzak ez zuela emakumea "jipoitu", baina aitortu du agenteek osasun zentrora eraman behar zutela komisariara eraman aurretik.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak agerraldia egin du asteazken goizean Eusko Legebiltzarrean, otsailaren 1etik 2rako gauean Donostiako Manterola kalean gertatutakoari buruzko azalpenak emateko. Hain zuzen ere, sailburuak, emakumearen eta haren senideen kontakizunaren aurka, esan du ertzainek ez zutela emakumea “jipoitu”. Hala ere, aitortu du agenteek “akats” bat egin zutela, ez baitzuten protokoloa behar bezala bete; protokoloaren arabera, komisariara eraman ordez, osasun zentrora eraman behar zuten.
Gogoratu behar da, emakumearen familiak salatu duenez, Ertzaintzak konorterik gabe eraman zuela emakumea ertzain etxera eta, gerora, Donostia Ospitaleko ZIUan ospitaleratuta egon zela. Euren kontakizunaren arabera, urtebetetze bat ospatzen ari zen Manterola kaleko diskoteka batean, eta bikotekidea beste gizon batekin eztabaidatzen ari zenean iritsi zen Ertzaintza eta bikotekidea atxilotuta eraman zuten. Emakumeak egoeraren aurrean protesta egin, eta ertzain batek kolpatu eta lurrera bota zuen, konortea galdaraziz. El País egunkariaren Kolonbiako edizioan kontatu zuten hori senideek.
Zupiriak azaldu duenez, emakumearen bikotekidea osasun etxera eraman zuten, komisariara eraman baino lehen; ez, ordea, emakumea: “Ez daukat azalpenik akats horretarako. Abian diren ikerketek edo auzitegiek erabaki beharko dute zein izan zen gertatutakoaren arrazoia eta norena den erantzukizuna. Hala ere, ildo horretatik, sailburuak esan du emakumea identifikatzeko izan zituzten zailtasunengatik hartu zutela erabaki hori ertzainek, ez zutelako lortu atxilotu zuten lekuan bertan identifikatzea. Halaber, adierazi du balitekeela ertzain etxeko txanda aldaketak eta gau horretan ertzainek izan zuten “jarduera biziak” ere lotura izatea ertzainen erabakiarekin.
Ikerketa, hilaren 3tik
Zupiriaren arabera, Ertzaintzak otsailaren 3an abiatu zuen gaiaren inguruko ikerketa, hedabideetan lehenengo informazioak argitaratu aurretik, jakin zutelako emakume batek salaketa jarri zuela Udaltzaingoan. Azaldu duenez, Ertzaintzak ofizioz ireki zuen ikerketa atxilotua ZIUan zegoela jakitean, eta Donostiako Justizia jauregiko bideo kameren irudiak eta ziegakoak bildu zituzten, baita ertzainen testigantzak jaso ere: “Ez dago daturik emakumeak jipoi bat jaso zuela baieztatzen duenik”, nabarmendu du Zupiriak.
Era berean, sailburuak esan du Justizia jauregiko kamerek grabatutako irudiek ez dutela “emakumearen aurkako erasorik erakusten”, baizik eta “lurrean eserita” ageri dela, konortea galdu gabe. Atestatuaren arabera, ertzainak ziegan ohartu ziren emakumearen osasun egoera txarraz, “ezkerreko besoan eta hankan min” zuela esan zielako.
Sailburuak nabarmendu duenez, Ertzaintzak ez zuen modurik andrea “zein osasun egoeratan zegoen jakiteko”. Arratsaldean aske utzi zuten, eta hurrengo egunean jakinarazi zien Osakidetzak emakumea ZIUan ospitaleratu zutela.