Ander Edok eta Nerea Arriolak 'Adi eta Ari' podcasta estreinatuko dute Naiz irratian
Martxoaren 10etik aurrera, astelehenetik ostiralera zabalduko dute sei minutuko podcast laburra, 20:50ean.

Naiz irratiak euskararen ikaskuntzan laguntzeko bere alea jarri nahi izan du. Horretarako, Adi eta Ari podcasta sortu dute. Ander Edo eta Nerea Arriola donostiarrak dira aurkezleak, eta atal bakoitza sei minutuko “aldarte alai eta arinean izandako solasaldiak” izango direla aurreratu dute. Martxoaren 10ean estreinatuko dute, eta astelehenetik ostiralera entzun ahal izango da 20:50ean.
“Euskara ikasteko metodo eta eduki ugari daude eskuragarri gaur egun, baina gure helburua da prozesu hori atseginagoa, gertukoagoa eta egunerokoan erraz txertatzeko modukoa egitea. Podcast honetan, euskarazko esamoldeak, gramatika edukiak eta kultur erreferentziak modu arin eta entretenigarrian landuko ditugu”, adierazi du Naiz irratiak.
Elkarrizketak oinarri gisa
Naiz irratian egunero egiten dituen elkarrizketa batzuk oinarri gisa hartuko dituzte podcasta osatzeko. “Iruditu zitzaigun aukera ona zela egindako elkarrizketa horiek baliatzea ikasgaiak sortzeko, euskara hobetzeaz gain Euskal Herria hobeto ezagutzeko aukera ematen duelako”, azaldu du Maite Bidarte saioen arduradunak. Horrela, Uxue Alberdiri egindako elkarrizketa bat baliatuz -aro atzizkia landuko da, -ere partikula Jon Galparsoro historialariarekin edota Anje Duhalderi egindako elkarrizketarekin, hizkuntza formala eta lagunartekoa.
Oihana Maritorena eta Gorka Arrese aritu dira gidoilari lanean. Lehena, aktorea eta euskara irakaslea da, bigarrena euskara zuzentzailea.
Bestalde, podcasta jarraitzea errazagoa izan dadin entzuleak solasaldiaren transkripzio osoa topatuko du Naiz irratiaren webgunean, eta aukera izango du jatorrizko elkarrizketa osoa entzuteko ere bai.