Astebururako plan bila?
Inauteriak ospatuko dira asteburu honetan Donostian, baina hortik haragoko plan ugari egin daitezke baita ere.

Inauteriekin, ez da planik faltatuko asteburu honetan Donostian, jarduera ugari antolatu baitituzte hiriko erdigunean zein auzoetan. Hortik harago, ordea, bada kultur eta aisialdi eskaintzarik Donostian asteburu honetarako; gure agendan aukeraketa zabala daukazue, eta jarraian egun bakoitzeko gomendio bat egingo dizuegu.
Ostiralean (hilak 28), Tabakalerara joatea gomendatuko dizuegu, Mozorrotruk azokara. Pasa den astetik dago zabalik eta larunbatera arte egongo da, 17:30etik 19:30. Bertan, bigarren eskuko askotariko mozorroak aurkituko dituzue, azken orduko jantzi aproposa aurkitu eta inauteri giroan guztiz murgiltzeko.
Larunbatean (martxoak 1), beti da plan ona Ibaetako jaietako Aingeru Zaindariaren ermitako erromeriara joatea goiz-pasa, baina alternatiba bat ere proposatuko dizuegu, arratsalderako: Olatz Salvador musikari donostiarraren kontzertua Viktoria Eugenia antzokian. Gure Ahotsak zikloaren barruan joko du, 19:30ean, eta sarrerak hemen daude salgai.
Azkenik, igandean (martxoak 2), asteburua ixteko, Bidebietako Mogambo aretora joatea da gure proposamena, 18:30ean, Mondo Podre (death, grind), Mutilated Judge (noisecore) eta Sons of Decay (grind) taldeen kontzertuak ikustera.
Bonus track: astean zehar plan bat egin nahi baduzue, asteartean, Iparraldea bertan zikloaren barruan, Hiru emazte kantari gogoan kontzertua eskainiko dute Maider Bedaxagar, Naia Robles Arangiz, Maialen Alfaro, Maite Ithurbide, Jacqueline Idiart, Patxika Erramuzpe eta Pantxika Heguiaphal artistek KMK Santa Teresa aretoan. Doan.