Bera Berak Blomberg hartuko du Europa ligako final-laurdenetan
Donostiako eskubaloi taldeak martxoaren 23an jokatuko du joanekoa Gaskan; itzulerakoa, berriz, martxoaren 30ean izango da.

Bera Berak HSG Blomberg-Lippe alemaniarren aurka jokatuko du Europako ligako txapelketako final-laurdenetan. Joaneko partida Gaska kiroldegian izango da, martxoaren 23an, 18:00etan; itzulerakoa, berriz, martxoaren 30ean, 16:00etan, Alemaniako Lemgo hiriko Phoenix Contact Arenan.
Multzoen fasean izandako arrakasta ikusita, non azken partidan sarrerak agortu ziren, Bera Berak final-laurdenetarako sarrerak salgai jarri ditu. Abonatuek %50eko deskontua izango dute, eta gutxienez hogei pertsonako taldeek %20ko beherapena lortuko dute. Paris 92, Fredrikstad eta Flames taldeen aurkako hiru partidetan, 5.000 zale baino gehiago bildu ziren Gaskan, eta zaleen babesa funtsezkoa izan da sailkapena lortzeko.
Atletico Guardesen aurka, apirilaren 23an
Joaneko partida Granollersen ospatuko den Kopako fase finalaren astebetera jokatuko da. Berreskuratzeko denbora nahikoa izateko, Bera Berak eta Atletico Guardesek adostu dute ligako 20. jardunaldiko partida apirilaren 23an jokatzea, beste data librerik ez dagoelako.
Bestalde, Bera Bera Europa ligako zortzi talde onenen artean sartu da, liga handietako beste zazpi talderekin final-laurdenak partekatuz: hiru alemaniar, bi errumaniar, daniar bat eta frantziar bat.