Gizarte Ekintzako udal langile guztiek egin dute lanuztea
Martxoaren 6an, 13an eta 20an lanuzte berriak deitu ditu batzordeak, eta martxoaren 27an, greba.

Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza Saileko Batzordeak (ELA, LAB, CCOO, ERNE eta ESAN) deitutako lanuztearekin bat egin dute langile guztiek ordezkari sindikalen arabera. Alegia, 120 langilek baino gehiagok babestu dute gizarte zerbitzuen azken urteetako gainbehera salatzeko deialdia. Ondorioz, auzoetako zortzi zentroak itxita egon dira 10:00etatik 12:00etara bitartean, eta Abegi-Etxeak Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzua bete du.
Langileek egitura eta antolakuntza beharren azterketa egitea eskatu dute, neurriak hartu ahal izateko. Besteak beste, baliabide material gehiago, profesionalen araberako arreta ratioa murriztea edota pertsonen beharrei lehentasuna emango dien kudeaketa ezartzea nahi dute. Ildo beretik, arlo guztietako lantaldea handitzea –administrazio, gizarte langileak, hezkuntza, psikologia, talde teknikoa…– galdegin dute eta lan poltsak sortzea proposatu, “lantaldearen egonkortasuna eta jarraikortasuna bermatzeko”.
Batzordeak gogorarazi du langileen eskubideen aldeko borroka soilik ez, donostiar guztien eskubideen aldekoa ere badela, “gizarte zerbitzu duinak eskaini behar zaizkielako”. Horregatik, lantaldea handitu eta kontsolidatu arte, ordezkapenak lehen egunetik egin arte eta eredu aldaketa lortu arte, mobilizazioekin jarraituko dutela adierazi du. Hurrengo lanuzteak martxoaren 6an, 13an eta 20an egingo dituzte eta martxoaren 27an, greba.
Eskaerez haratago, gatazka konpontzeko erantzukizuna har dezatela eskatu dio Batzordeak Gizarte Zerbitzu zinegotzi Maria Jesus Idoetari eta Eneko Goia alkateari.