Isabel Herguerak egin du 86. Musika Hamabostaldiko kartela

Isabel Herguera (Donostia, 1961) da abuztuaren 1etik 29ra egingo den 86. Musika Hamabostaldiko kartelaren egilea. Donostiar jatorriko artista bisuala, zuzendaria eta animazio ekoizlea da, eta ordenagailuzko animazioaren eta ikus-entzunezko instalazioen alorrean aitzindaria izan da. 80ko hamarkadan hasi zuen ibilbidea bideo artearen inguruan, eta 90eko hamarkadatik animazioan espezializatu da. Bere lanak hainbat teknika biltzen ditu, hala nola marrazketa, pintura eta bideo-instalazioa, betiere narrazioa eta animazioa oinarri hartuta eta artisautza zein teknologia uztartuz.
Herguerak bere bizitza pertsonala sarritan islatu du bere obretan, eta hori eragin handia izan du kartelerako inspirazioa hautatzerakoan. Donostiarekin duen lotura adierazteko, Kursaaleko zubiko kale-argiak aukeratu ziztuen, hauek bere haurtzaroko oroitzapenetan oso presente baitaude.
Kartelaren diseinuan multiplanoa erabili du, animazioan bezala, geruzak gainjarriz. Hasieran hainbat mailatan antolatutako kale-argien konposizioa sortu zuen, eta horiek posizio ezberdinetan jarriz, musika notekin antzekotasuna zutela konturatu zen. “Pentsatu nuen lehenengo gauza izan zen zer objektu, zer elementu, nondik atera nezaken niretzat Donostiakoa den zerbaiten ideia, niretzat oso esanahi sakona duena. Eta horrela agertu ziren Kursaaleko zubiko kale-argiak. Jose Aranak diseinatutako kale-argiak betidanik egon dira nire bizitzan, Grosekoa izanik, eta eskolako autobusa hartzeko Bretxara etortzen nintzenez, zubia egunero zeharkatzen nuelako. Txikitan, ikusten nuen galdategiari zegokion tokian Luzuriaga jartzen zuela, eta aitak Luzuriagan egiten zuen lan; hortaz, iruditzen zitzaidan kale-argiak aitak eginak zirela eta are lotuago sentitzen nintzen haiekin”, nabarmendu du Herguerak.
Urdin eta berde koloreak
Koloreen aukeraketan, Donostiako abuztuko urdin eta berdeekin bat egingo zuten koloreak erabili zituen, gorri eta laranja biziekin kontrastea lortzeko. Kartel bat diseinatzearen esperientziari buruz, “beti egin izan ditut pelikuletarako kartelak, behar izan nuenerako, baina inoiz ez nuen aurkitu irudi bakar batean kontzeptu bat definitzeko plazera. Eta azken urteotan gauza pare baterako deitu didate eta oso ondo pasatu dut. Hasieran, urduritasun- eta antsietate-une bat izaten da beti, ez baitakizu oso ondo nondik jo, baina behin muina edo benetan irudikatu nahi duzuna deskubritzen duzunean, jolas bat da, oso dibertigarria, gero elaborazio prozesu bat eskatzen duena. Ideia aurkitu eta funtzionatzen duela ikusten duzuneko une hori plazer hutsa da”, adierazi du.
Bestalde, Musika Hamabostaldia garrantzi handia du berarentzat. “Grosekoa naiz, eta egun Hamabostaldiaren erdigune diren kuboak hemen daudenez geroztik, presentzia hori are handiagoa da; eta oso presentzia zabala da, hilabete osoan zehar, eta hiriko hainbat lekutan. Beraz, kuboetan bertan zein hiriko beste hainbat lekutan goza daiteke, modu eta forma desberdinetan”, nagusitu du.