Laugarren lanuztea egin dute Dbiziko langileek, lan baldintza duinen alde

Otsailerako aurreikusitako lau lanuzteetatik azkena egin dute gaur (hilak 27) Dbizi Donostiako bizikleta publikoen alokairu sistemako langileek, lan baldintza duinen alde. Bi orduko lanuztea egin dute eta udaletxearen aurrean elkarretaratu dira, hain zuzen ere, barruan otsaileko udalbatzarra egiten ari ziren bitartean.
Izan ere, EH Bilduko Garbiñe Alkizak Dbiziko langileen lan gatazkaren inguruko kontrol mozioa aurkeztu du udalbatzarrean, eskatuz, alde batetik, udal gobernuak “zerbitzuaren kalitatea bermatzeko neurriak hartu ditzala” eta, bestetik, udal gobernuari eskatuz “oraingo lizitazioa amaitzen denean (2028. urtean), Dbizi zerbitzuaren kudeaketa zuzena egiteko urratsak egin ditzala”
Mozioa, ordea, ez da onartua izan, udal gobernuak (EAJk eta PSE-EEk) bi puntuen aurka bozkatu baitute, eta PP aurkako botoetara batu baita bigarren puntuan. Beraz, momentuz, bere horretan jarraituko du Dbiziko langileen egoerak.
Prekaritatea
Dbiziko langileak lanez gainezka eta prekaritate larrian daude aspalditik, hedabide honek iazko abenduan argitaratutako erreportajean langileek azaldu zuten moduan. Besteak beste, lan karga ia bikoiztu egin da 2020tik hona, baina lan baldintzak ez dira aldatu. Era berean, 1.000 euro pasatxoko soldata dute, eta lanaldi luzeak.
Dbus konpainiak kudeatzen du Dbizi, baina zerbitzua azpikontratatuta dauka, Urbaser eta Movus enpresek osaturiko ABEE pribatuari azpikontratatuta, hain justu. Udalbatzarrera eraman ez ezik, langileak, LAB sindikatuaren bidez, enpresekin negoziatzen ari dira, baita gatazka sozializatzen ere, Dbiziko geltoki eta bizikletetan pegatinak eta bestelakoak jarriz eta kalean esku orriak banatuz. Hala ere, aipaturiko erreportajean hedabide honi azaldu ziotenez, argi dute “grebara” joko dutela enpresak ez badu aurrerapausorik ematen.