Txomiñeneko ekipamendu beharrei erantzuteko aukerak bizilagunekin aztertzeko konpromisoa hartu du udal gobernuak
Udalbatzak aho batez onartu ditu EH Bilduk aurkeztutako mozioko hiru puntuetako bi.

Txomiñeneko bizilagunek, Lanberri auzo elkartearen bidez, denbora asko daramate auzoak ekipamendu egokien behar nabarmena duela eta, besteak beste, Kristobaldegi komentua erosteko eskatu diote udalari, 1.045 sinadura bilduta. Eneko Goia alkateak, ordea, joan den astean adierazi zuen udalak ez zuela komentua erosiko, besteak beste, uholde arriskuko lursail batean dagoelako.
Horrela, gaiaren inguruko mozioa aurkeztu du EH Bilduk ostegun honetan egindako otsaileko udalbatzarrean, udal gobernuari eskatuz behin anbulatorioaren kokapen aldaketa onartuta, berretsi dezala hasieran xede horretarako gordetako lurzorua auzorako zuzkiduretara bideratzeko konpromisoa eta, baita ere, bi hilabeteko epean bildu dadila Txomiñeneko Lanberri auzo elkartearekin eta bizilagunekin, auzoko ekipamendu beharrei erantzuteko aukerak elkarrekin aztertu eta erabakitzeko.
Hirugarren puntu bat ere bazuen mozioak, baina gaizki erredaktatuta zegoen eta, horregatik, baztertua izan da. Beste bi puntuak, ordea, aho batez onartu ditu udalbatzak, bost udal taldeen aldeko botoekin. Beraz, aipaturiko bi konpromiso horiek hartu ditu udal gobernuak; gogoratu behar da, hala ere, udalbatzarrean onartzen diren gaiak ez direla lotesleak.