Alokairu prezioen indizea ahalik eta azkarren egiteko eskatu dio udalak aldundiari

Donostiako Udalbatzak mozio bat onartu zuen atzo (hilak 27) egindako otsaileko udalbatzarrean, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzeko ahalik eta azkarren egin dezala alokairuaren prezioen indizea edo, gehienez, Eusko Jaurlaritzak hiria tentsio handiko eremu izendatzen duenean.
EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak batera aurkeztutako mozio bat zen, Kaleratzeak Stop, Alokairu eta Inquilinos Azora plataformen eskaerei erantzunez. Helburua da, behin Donostia tentsio handiko udalerri izendatuta dagoenean, alokairuetarako gehieneko prezioa aplikatu ahal izatea, bai eta legerian jasotako gainerako neurriak ere.
EAJk eta PSE-EEk zuzenketa bat aurkeztu zioten mozioari, eta hori da onartu dutena. Horren bidez, udalak aldundiari eskatu dio beste erakundeekin lan egin dezala erreferentziazko prezioen indize hori ahalik eta lasterren abian egon dadin. EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak alde bozkatu zuten, eta PPk aurka.