Emakumeen Etxearen balioa aitortu du udalak Martxoaren 8ko kartelarekin
Emakumeen Nazioarte Egunaren bueltan antolatuta egitarauaren berri ere eman du Berdintasun zinegotzi Ane Oiarbidek; jarduera nagusia Donostiako Asanblada Feministak deitutako manifestazioa da: Antiguako tuneletik abiatuko da 12:30ean.

Martxoaren 8rako antolatutako egitaraua eta kartela aurkeztu ditu Donostiako Udalak goizean. Aurtengo kanpainak 2010etik Emakumeen Etxeak herritarrei egiten dien ekarpena eta balioa aldarrikatzen ditu, udal ekipamendu eta berdintasun politikak ezartzeko proiektu estrategiko gisa. Concettta Probenza diseinatzaileak sortutako irudiak Emakumeen Etxea du ardatz, eta hura sostengatzen duen motorra “mota guztietako emakumeen indarra” dela irudikatzen du, eta horri esker, “hiria berdintasunaren aldeko espazio bizia eta plurala izatea posible da”. Izan ere, Berdintasun zinegotzi Ane Oiarbidek nabarmendu duenez, kartelak balioetsi egin nahi du udal ekipamendua eta “herriari eta herritarrei” egiten dien ekarpena aitortu.
Topaketa, eztabaida eta hausnarketa feministarako gunea da, “bizitzaren eremu guztietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorrerantz aurrera egitea helburu duten proiektuetan eragin ahal izateko”, zehaztu du. Aholkularitza zerbitzuak, ahalduntze taldeak eta prestakuntza ikastaroak eskaintzen ditu, hiriko emakumeen ahalduntzea lortzeko estrategia gisa. 15 urteko ibilbidea badu ere, 2018tik datu estatistikoak sistematizatzen hasi zirenetik Etxean 6.200 emakumek baino gehiagok parte hartu dute ikastaro eta taldeetan, eta 7.200 hitzordu baino gehiago hartu dituzte aholkularitza zerbitzuetan. Halaber, Oiarbidek nabarmendu du Emakumeen Etxeak indarkeria matxistaren prebentzioan eta esku hartzean egiten duen lana.
Egindako aitortu eta aldarrikatu
Zinegotziaren esanetan, larunbata egun garrantzitsua da emakumeen eskubideak aldarrikatzeko eta hirian duten papera aitortzeko, baita defendatzeko ere, zenbait esparrutan berdintasun osorik ez baitago eta beste batzuetan atzerapausoak eman baitira. Horregatik, Martxoaren 8a borrokan ibili diren eta dabiltzan emakume guztiei aitortza egiteko momentua dela berretsi du. “belaunaldi guztietako eta mota guztietako emakumeak elkartzeko eguna da. Gure aurretik askok hasi duten bidea aldarrikatzeko eta egindako lana eta guri gelditzen zaiguna berdintasun erabatekoa lortzeko.
Kartelarekin batera, Martxoaren 8aren bueltan antolatutako egitarau zabala ere ezagutarazi du. Azken urteetan moduan, programa bakarrean bildu dituzte emakumeen elkarteek eta mugimendu feministako elkarteek, Donostiako Haurtxoko eta Gaztelekuek, Donostia Kulturak eta Musika eta Dantza Eskolak antolatuko ekimenak. Ekintza “ikusgarri eta garrantzitsuena”, nola ez, Emakumeen Nazioarteko Eguneko manifestazioa da. Donostiako Asanblada Feministak deitua, Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak lelopean, Antiguako tuneletik abiatuko da, 12:30ean. Udalak bat egin du deialdiarekin eta animatu egin ditu emakume guztiak eta gizonak parte hartzera.
Horrez gain, Donostia Sustapenak EmakumeEkinn sariak banatuko ditu ostegunean, martxoak 6. Kultur etxe sareak egitarau zabala antolatu du emakumeen elkarteek eta talde feministek lagunduta: hitzaldiak, musika, bertso saioak, erakusketak… Gazteria sailak ere adin tarteetara egokitutako ekitaldiak prestatu ditu Hautxoko eta Gaztelekuetan, hainbat helbururekin: “emakumeen ekarpenak ezagutzea, erreferente diren emakumeak ikusgai egitea eta bereizkeria kasuak identifikatzea.
Egitarau osoa ikusgai, hemen.