'Faisaien irla' euskal ekoizpenak inauguratuko du Giza Eskubideen 22. Zinemaldia
Euskal ekoizpenak inauguratuko du apirilaren 4tik 11ra bitartean aurrera eramango duten jaialdia.

Zinema aretoetara iritsi baino hiru aste lehenago, Asier Urbietak zuzendutako Faisaien irla ikusteko aukera izango da Giza Eskubideen 22. Zinemaldian. Are gehiago, Urbietak zuzendutako lehen film luzeak hasiko du udaleko Giza Eskubideen sailak eta Donostia Kulturak antolatutako jaialdia, Apirilaren 4tik 11ra bitartean aurrera eramango dute Viktoria Eugenia antzokian eta Antzoki Zaharrean eta hiriko beste gune batzuetan.
Filmak Bidasoa ibai igerian zeharkatzen duten migratzaileen drama dakar pantaila handira. Faisaien Irla munduko kondominio txikiena da, beraz, burujabetza partekatua du: Urte erdia Espainiar estatuari dagokio, eta beste erdia, frantsesari. Laida eta Sambou irla paretik paseatzen doazela bi pertsona ikusiko dituzte ibaia igerian zeharkatu ezinik. Egun batzuk geroago, hilotz bat agertuko da irlan, estatu batek besteari burujabetza ematen din ekitaldian. Zein estatu arduratuko da hilotzaz?
Mugako thriller honen gidoia Urbietak berak eta Handia filmagatik Goya saria irabazi zuen Andoni de Carlosek idatzi dute. Jone Laspiur eta Sambou Diaby ditu protagonista, eta Itziar Ituño eta Josean Bengoetxearen parte hartze berezia du. Filma, euskaraz eta frantsesez mintzatua, sei astez filmatu zuten Donostian, Irunen, Hendaian eta Baionan.
Urbietak azaldu duenez, egunkarian irakurritako albiste batean du abiapuntua istorioak. “Egun batean, egunkariari begiratu bat ematen irakurri nuen igande batean txirrindulari batzuek, Bidasoaren ibaiertzetik zihoazela, bi pertsonaren oihuak entzun zituztela laguntza eske, igerian muga zeharkatzen saiatzen ari zirenean, baina korrontea kontra zutela. Haien lekuan jarri nintzen eta galdera hau sortu zitzaidan: Zer egingo nuke nik? Gustura erantzungo nuke bota egingo nintzela, baina ez dut hain argi ikusten. Halako benetako gertaeretatik abiatuta garatu nuen filmaren istorioa”