Fernanda Torresen distirarena

AINDA ESTOU AQUI
Zuzendaria: Walter Salles · Urtea: 2024 · Herrialdea: Brasil
2025eko Oscar Sariak gero eta gertuago daude —egun gutxi batzuk falta dira—, eta Film Onenaren Saria jasotzeko hautagaien arteko «ezustekoa» izan da Ainda estou aqui / Aún estoy aquí (2024). Are, Nazioarteko Film Onenaren golardoa ere eskuratu dezake filmak, baita Emakumezko Aktore Protagonista Onenarena ere. Egia esateko, ez dut ulertzen harridura: film borobila da honakoa, posizio konprometitu batetik eragiteko gai dena, baina, hori dela eta, obraren osotasun artistikoa arriskuan jarri gabe.
Fernanda Torres buru duen zinta brasildarrak aukera izan duen aldiro apurtu du sabaia, abiapuntua izan zuen Veneziako Nazioarteko Zinemaldiko lehen hitzordu hartatik —Gidoi Onenaren Saria eskuratu zuen orduan—, berriki, Film Iberoamerikar Onenaren Goya Sariarekin aintzatetsi duten arte. Tartean, besteak beste, 72. Donostia Zinemaldiko Perlak ataletik ere igaro da filma, eta Emakumezko Aktore Onenaren Urrezko Globoarekin saritu dute Torres.
Marcelo Rubens Paivaren memorietan oinarritu du kontakizuna Walter Salles zuzendariak, zehazki, idazle brasildarrak paperean islatu zituen bere ama Euniceren bizipenetan. Izan ere, filmak Brasilgo herria zapaldu zuen erregimen diktatoriala (1964-1985) du hizpide, errepresioaren atzaparretan harrapaturiko herrialdean, indarkeria arbitrarioko ekintza baten ondorioz senarra galdu eta bizitza berrasmatu behar duen emaztearen bilaketaren bidez.
1971. urtea du abiapuntu, klase ertaineko familia aurrerakoi eta intelektual baten aurkezpenarekin: Paivatarrak beti lagunez beteta dagoen alokatutako etxe batean bizi dira, hondartzatik gertu. Dirutan baino, beste aldagai batzuen baitan neurtzen dute haien aberastasuna: askatasun intelektuala eta jakin-mina. Aitak arkitektura estudio batean egiten du lan, ingeniaria da, eta bost seme-alaben zaintza lanez arduratzen da emaztea. Militarrez josita daude kaleak, baina, itxuran, ez dira traba handikoak. Harik eta, egun batez, etxean agertu eta, disidenteak eta faxismoaren bestelako biktimak lagundu izana leporatuta, aita eramango duten arte. Besterik gabe desagertuko da, familiak non dagoen, bere egoera zein den, edota noiz itzuliko den jakin gabe.
Akabo epelkeriak, orduan. Ikuspegi klasikoan, sentsazionalismoa edo gehiegizko dramak saihestuz, istorioa ia modu naturalean murgilduko da familia hautsi horren intimitatean, errepresioak leherturiko bizitza horietan, eta horretan, Fernanda Torresek maisuki interpretatzen duen amaren ekina izango da habe nagusia: gizona aurkitu, bizitza pertsonala berrosatu eta etxekoak babestu nahi dituen emazteak konpromiso politikoari heltzea beste biderik ez du izango, justizia egin dadin borrokatzeaz harago, bizitzen jarraitzeko.
Ezohikoa zaigun emakumezko heroiaren ikuspegi horretatik, krudelkeriari buruzko obra eder, hunkigarri eta duina ondu du Sallesek; memoria eta errekonozimendu ariketa bat, ahanzturaren kontra. Borroka eta erresistentzia generazional baten isla, eta, zoritxarrez, istorio unibertsala bat ere bai. Eta, guztiaren gainetik, maitasunezko ondare bat.