Langileek eta pazienteek Donostia Ospitaleko parkingaren egoera «jasanezina» salatu dute
Doako parkinga denontzat! dinamika sortu dute Gipuzkoako biztanleriari eragiten dion arazo honekin lehenbailehen amaitzeko.

Donostiako Ospitaleko langileek eta pazienteek aparkalekuaren egoera jasanezina salatu dute, hilabetez luzatzen ari den arazoari aurre egiteko Osakidetzak alternatibarik ez duelako eskaintzen. Atzo elkarteko kideek Arantzazu eraikinaren atarian egin zen elkarretaratzean nabarmendu zuten “langileen ehuneko handi bat gara, egunero, lanera dagokigun ordua baino askoz ere lehenago etorri behar dugunak: ospitale inguruan aparkatu ezinik bueltaka ibili behar dugulako edo urrun aparkatu eta ospitaleraino oinez edo autobusez iritsi behar dugulako. Horren ondorioz, denbora tarte horretan, langileen kopuru esanguratsu batek guztira milaka ordu galtzen ditugu gure lanpostura garaiz iritsi ahal izate soilagatik”.
Anezka autobusik ez dago, eta Ospitaleko autobus finkoetako ibilgailuak, Illunbe inguruko geltokian, beteta eta eserlekurik gabe iristen dira. Hala ere, baita Illunben geltokia duten hiribusak ere gainezka datoz, ordainpekoak izan arren. Gainera, Illunbetik ospitalera, oinez, kilometro bat dago, inolako argiztapenik gabe. “Salagarria da, gainera, Realaren futbol partidetarako edo udal ospakizunen bat dagoenean, autoak aparkaleku horretatik ateratzeko agindu mezua iristen zaigula posta elektronikora”, gehitu dute.
Azkeneko hilabeteetan egoera okertu da, baina arazoa lehenagotik dator. “Ospitaleko aparkaleku nagusia ordainpekoa izan da urte luzez, langile askorentzat zein pazienteentzat. Bistan da lantokirako irisgarritasuna eta ospitalean artatuak izateko eskubidea baliatuz, enpresa pribatuek etekin ekonomikoak ateratzen dituztela”.
Doako parkinga denontzat! dinamika
Talde hau ospitaleko langileek osatzen dute, baina ez da hor geratzen. “Ospitalera egunero ehunka paziente eta senide etortzen dira: larrialdietara, kontsultara, ingresatutako senideak bisitatzera… Haietako asko autoz, mugikortasun arazoak tarteko, edo zerbitzu publiko egokiak ez dituztelako”, esan dute.
Salatzen dutena hurrengoa da: “Alde batetik, Donostiako Ospitaleak enpresa pribatuen etekin ekonomikoa lehenesten dituela pazienteen eta langileon eskubideen gainetik. Eta, bestetik, arazoaren aurrean eskainitako alternatibak ez direla errealak, eskaintza horien helburua langileon aldarrikapenak baretzea eta Osakidetzaren aurpegia garbitzea baino ez baita”, eskatu dute.