Momo Jainkoa, Donostiako jaun eta jabe
Hasi dira Donostiako inauteriak, eta askotariko jarduerak antolatu dituzte hirian astebururako zein hurrengo asterako. Erdigunean ez ezik, auzo ugaritan ere ospatuko dituzte inauteriak.

Atzo, Ostegun Gizenaren bueltan, Momo Jainkoak hartu zituen hiriko giltzak —Hodei Buenaventura Gabarainek gorpuztuta—, eta inauterietan murgilduta dago Donostia.
Gaur arratsaldean, jai giroa nabaritzen hasiko da hiriko kaleetan: 18:31ean, Los Bebes de la Bulla fanfarrea ibiliko da Parte Zaharreko eta Erdialdeko kaleetan barrena; 20:01ean, Lanpernen Konpartsak girotuko du Parte Zaharra eta, 21:01ean, konpartsen aurkezpena egingo dute Illunben. Bestalde, Amara Berrin, Ilunki elkartea luxuzko hotel bilakatuko du Bizilagunekin plataformak eta jai giroa egongo da arratsalde osoan zehar; 19:30ean, bertso-poteoa egingo dute. Halaber, Egian, 18:01ean hasiko dira inauteriak ospatzen, hainbat jarduerarekin.
Larunbata, egun handia
Bihar, nabarmentzekoa da inude eta artzainak Antiguako kaleetatik ibiliko direla 11:01etik aurrera. Bestalde, Goiztiriek agurra egingo diote Momori 11:31ean Maria Cristina hotelean, eta kalejiran abiatuko dira Parte Zaharrera; 12:01ean, Momori emango diote boterea, Plaza Berrian. Ordu berean, tango dantzariak ikuskizuna ematen arituko dira Bulebarrean, eta 3Txulo txaranga Parte Zaharretik ibiliko da. 12:31ean, Gero Axularreko dantzarien Intxixu euskal inauteria ikusi ahalko da Gipuzkoa plazatik hasita eta, 13:46ean, Eusko-Ttish konpartsak Plaza Berrian amaituko du 11:31ean abiatutako desfilea.
Arratsaldean, 17:01ean egingo dute konpartsen desfile nagusia, Bulebarretik abiatuta. Ondoren, 18:21ean, Los Bebes de la Bulla abiatuko dira Euskal Herria kaletik; 19:01ean, Gaztelubideko fanfarrea elkartetik aterako da eta, ordu berean, antzinako konpartsak Parte Zaharretik desfilatzen hasiko dira, 20:00etara arte. Taupada batukadak (22:01) eta Joselontxos txarangak (22:31) itxiko dute gaua Parte Zaharrean.
Egian eta Loiolan, bestalde, goizetik arratsaldera prestatu dituzte inauterietako jarduerak, eta, Grosen, erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira 17:01etik aurrera eta Mikeltxi DJ-a arituko da 19:31ean Artetxe Jeneralaren kalean.
Igandean, etenik ez
Etzi ere inauteriez disfrutatzeko aukera egongo da hirian, goizetik arratsaldera. Jarduera batzuk nabarmentzearren, udaleko txistulariek diana joko dute Parte Zaharrean 09:01ean, haurren konpartsen emanaldia antolatu dute Katalunia plazan 11:31ean, Lorezainen konpartsa kalejiran joango Kursaaletik Plaza Berrira 11:46ean, Txorimaloaren ametsak haurrentzako antzerki musikatua eskainiko dute Viktoria Eugenia antzokian 12:01ean, Oilarren eta Lorezainen konpartsak Plaza Berrian egongo dira 13:31ean eta 13:46ean, konpartsen bigarren desfile nagusia egingo dute 17:01ean Bulebarretik eta 55 urtetik gorakoentzako mozorro festa eta dantzaldia antolatu dute udaletxean 18:01ean.
Hurrengo astean gehiago
Asteburuarekin nahikoa ez, eta astean zehar ere inauteriak ospatuko dituzte Donostian. Astelehenean, 19:01ean, Segi festa! konpartsen jaia egingo dute Katalunia plazan eta, asteartean, 19:31ean, Sardinaren ehorzketarekin hasiko dira; ohiko kalejira egingo dute Erdialdetik, 20:01ean Alderdi Ederren amaitzeko.
Horrekin, ordea, ez dira inauteriak bukatuko: larunbatean, Toxic konpartsak Antiguatik desfilatuko du 12:01ean eta konpartsen desfilea egingo dute Loiolako Erriberatik eta Amara Berritik (17:01). Altzan, hainbat jarduera antolatu dituzte larunbat arratsalderako Harria parkean, eta Eltze Festa arrakastatsua egingo dute leku berean igandean, 11:01ean, baita arratsaldean jaia jarraitu ere. Igandean, baita ere, Intxaurrondotik desfilatuko du Intxaur-Txiki konpartsak 17:01ean. Azkenik, hurrengo larunbatean (hilak 15), konpartsen desfilea egingo dute Bidebietan 17:01ean.