Parketarrak egitasmoa bueltan da
Martxoaren 3tik 21era bitartean, 22 jolasgunetan dinamizatzaileek gidatutako jarduerak antolatuko dira, euskararen erabilera sustatzeko.

Parketarrak egitasmoari esker, haurrek euskaraz jolasteko aukera izango dute martxoaren 3tik 21era bitartean, astelehenetik ostiralera, Donostiako 22 parke eta jolasguneetan. Jarduera hauek hiriko hamazazpi auzotan garatuko dira, besteak beste, Aiete, Altza, Amara, Antigua, Egia , Gros eta Intxaurrondoren moduko auzoetan. Bertan, dinamizatzaileek gidatutako euskarazko jolasak antolatuko dituzte, hizkuntza modu naturalean erabiltzea sustatzeko.
Proiektuaren oinarrian jolasa dago, hizkuntza barneratzeko tresna baliotsua delako. Parte hartzaileak adinaren arabera bi taldetan banatuko dira: Zabu Zibu (3-5 urteko haurrak arduradunekin) eta Txirrintxon (6-9 urteko umeak). Jarduera hau Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek sustatzen dute, aisialdian euskararen erabilera indartzeko helburuarekin. Gainera, egitasmoa urtean hiru aldiz egiten dute: martxoan, maiatzean eta urrian.
Jolasak eskolaz kanpo
Umeek hazten diren heinean, garrantzitsua da lagunekin euskaraz gozatzeko aukerak izatea, hizkuntza ohiturak sendotzeko eta ingurune euskaldunagoa eraikitzeko. Parketarrak proiektuak haurrei eta familiei baliabideak eskaintzen dizkie jolas giro horretan euskararen transmisioa indartzeko.
Azkenekoz, 2023ko urrian izan zen, eta hiru astetan zehar 66 saio antolatu ziren. Guztira, 1.011 haurrek eta 240 helduk parte hartu zuten ekimenean. Parte hartzaileen kopuruak erakusten du jarduerak arrakasta handia duela, eta 2024an gurasoen inplikazioa areagotu dela aurreko urteekin alderatuta. Gurasoek ere 3-5 urteko haurrekin batera parte hartzen dute, eta horrek euskararen transmisioa indartzen du.