«Ez dugu zabor artean bizi nahi!», Parte Zaharreko auzo elkartearen inauterietako protesta satirikoa

Parte Zaharrean Bizi auzo elkartearen aldarrikapen nagusienetako bat da auzoko ostalaritza establezimenduek sortzen duten zaborraren kudeaketan erregulazio handiagoa behar duenarena, izan ere, zabor pilaketa handiak sortzen dira auzoan, bizilagunen bizi kalitatearen kalterako.
Hori dela eta, gaurkoan, inauterietako larunbatarekin bat eginez, protesta hori kalera atera dute, inauteri giroan, modu satiriko eta umoretsuan. Zabor poltsekin mozorrotuta eta zabor pilaketa bat irudikatzen zuen orga batekin, auzoko kaleak zeharkatu dituzte, txilibituekin zarata eginez. Era berean, tarteka, geldialdiak egin dituzte, sudurra tapatuz dantza egiteko, zaborrak auzoan uzten duen kiratsa salatzeko. Amaieran, udaletxean utzi dituzte zabor poltsak protesta modura.








