Momo Jainkoak hartu du boterea, Goiztiriek lagunduta

Momo Jainkoak Ostegun Gizenean hartu zituen hiriko giltzak, eta gaur, inauterietako larunbatean, hartu du Donostiako aginte makila, Eneko Goia alkatearen eskutik; edo, aurkezleak esan duen moduan, “Eneko Minion Goia” alkatearen eskutik. Aurten Hodei Buenaventura Gabarainek gorpuztu du Momo.
12:01ean izan da hori, Plaza Berrian. Baina, aurretik, 11:01etik, Goiztiriak Parte Zaharra eta ingurua girotzen aritu dira, Pasai txarangak lagunduta eta ohiko pijamak zein hamarnaka mozorro desberdin jantzita joan diren gazte eta helduen parte hartzearekin. 11:31ean, Maria Cristina hotelaren kanpoaldean bildu dira, bertan Momori agurra kantatu eta ongietorria emateko.
Handik, Parte Zaharrerantz abiatu dira denak elkarrekin, Momo Jainkoa eta bere segizioa auto elegante batean zihoazela. Plaza Berrira heltzean egin dute aginte makila emateko ekitaldia, jai giro ederrean. Makilaren esku aldaketa egin aurretik, Quisiera ser alcalde, Donostiyakua abestia dantzatzen aritu dira Momo Jainkoa, bere segizioa, Eneko Goia alkatea, Jon Insausti Jaietako zinegotzia eta Maria Jesus Torres Donostiako Festak erakundeko zuzendaria, azken hiru horiek Minions filmetako pertsonaiez mozorrotuta, han zebiltzan gainontzeko udal arduradunak bezalaxe.
Goiak, bere hitzartzean, ironiaz aipatu du hirian “obra asko” daudela eta horregatik mozorrotu direla Minionez, obra horiek ahalik eta azkarren bukatu eta “hurrengo urteko inauterietako desfileak obrarik gabe egin ahal izateko”. Era berean nabarmendu du “gustura” ematen diola urtero aginte makila Momori, baina ohartarazi ere egin du: “Herritar guztien kexak ere jasan beharko dituzu egunotan zehar”.
Momok, bere aldetik, harro hartu du aginte makila, eta zenbait erabaki ere hartu ditu, hala nola, Illunbe Berrian “sambodromo” bat jartzea. Era berean, gogoratu du garai batean kaiola batean sartuta zegoen Ursula hartza izan zela Igeldoko jolas parkeko erakargarri nagusietako bat, eta hori berreskuratu nahi izan du, ironiaz. Hain zuzen ere, Donald Trump AEBetako presidenteari erreferentzia kritikoa eginez, Trum-Oso izeneko peluxezko hartz bat, kaiola batean sartutakoa, oparitu dio Goiari.
Aginte makila jasota, Momo Jainkoarena da hiria egunotan, donostiarrek inauterietan murgilduta jarraitzen duten bitartean; hemen daukazue egitaraua. Jarraian, goizeko irudi bilduma ikus dezakezue:






























































