Lan gogorra, kontziliazio zaila eta segurtasun kezka
Donostiako emakume taxilariek sektorean bizi duten egunerokoa eta aurre egiten dieten erronkak azaldu dituzte.

Radio Taxi Donosti Elkarteko 140 kideen artean, hamar dira emakumeak: zazpi taxilari, bi telefonista eta administrari bat daude. Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, lau emakume taxilarien esperientziak jaso ditu elkarteak, sektore maskulinizatu honetan emakume izateak dakarren errealitatea erakusteko.
Lan gogorra eta kontziliazioaren erronka
Donostiarra den bakarra Rakel Vicente da. 18 urteko esperientzia duen taxilaria. Sektorea “odolean” daramala dio, bere aita ere taxilaria izan baitzen: “Etxean beti taxi bat egon da”. Hasiera, lan honen kostu ekonomikoa oso handia dela azpimarratu du: “Hipoteka handi bat daukazu lepoan soka bat balitz bezala, eta ordu asko sartzea ezinbestekoa da”. Hala ere, denborarekin “lana erregulatzea” lortzen dela dio.
Bere esperientzian, argi du emakume taxilarien aurreiritziak oraindik ere presente daudela. Adibidez, “gaueko giroan, zenbait gizonek bera ikustean beste taxi batean sartzea erabakitzen dute, edo aitzakiak asmatzen dituzte berarekin ez joateko”, nabarmendu du Vicentek. Bestalde, ez du beraren burua ikusten zortzi ordu bulego batean sartuta: “Mirakontxatik igarotzen garenean, hurrengoa pentsatzen dugu: “Horrelako bistak dituen bulego ibiltari bat izateak ez du preziorik”.
Esperientzia hauek kontuan hartuta, argi uzten dute taxiaren sektorean emakume izatea oraindik ere erronka dela, baina aldi berean, lanaren alde onak eta autonomiaren balioa ere nabarmendu dute. Etorkizunari begira “sektorean emakume gehiago egotea espero dute, baina horretarako erreferenteak izatea funtsezkoa da”.