Uliako aterpetxean biomasa galdara bat jartzen hasi dira

Donostiako Udala bero berriztagarriko biomasa galdara bat instalatzen ari da Uliako udal aterpetxean. Era berean, eguzki modulu termikoak eta aerotermia moduluak berritzen ari dira. Aterpetxeko berotze eta ur bero sistema berritzea da helburua, egun dauden propano galdarak ordezkatuta. Lan horiek direla eta, aterpetxea itxita egongo da gaurtik apirilaren 4ra bitarte.
Hamalau eguzki panel termiko berri jarri dituzte, aurrekoak ordezkatuta. Gainera, eraikin nagusiak fotovoltaiko instalazio bat du, eta horrek soberakinak sortzen ditu, energia termikoa ekoizteko aerotermia makinaren bidez aprobetxatuko direnak.
“Aldaketa honi esker, aterpetxeak behar duen ur beroaren %100a sortu nahi dugu, energia berriztagarria erabiltzen duen sistema jasangarri batekin. Gainera, sistema berri horri esker, energia aurrezteaz gain, ingurumenari kalte egiten dioten berotegi efektuko gasak ez dira atmosferara isuriko. Sistema berri horren bidez, berokuntzaz eta ur beroz hornituko dira sukaldea, jatetxea eta zortzi gela komun dituen eraikin nagusia, baita Uliako bost bungalowak ere”, azaldu du Ekologiako zinegotzi Iñigo Garciak.
Lanen aurrekontua 197.859 eurokoa da, eta Europako Next Generation funtsen bidez ordainduko dute zati bat —34.137 euro—.