Astelehenetik aurrera egin ahalko dira Partaidetzazko Aurrekontuetarako proposamenak

Donostiako Udalak 2026 eta 2027 urteetarako Partaidetzazko Aurrekontuen prozesua onartu du, egitasmoarentzako hiru milioi euroko aurrekontua bideratuta (1,5 milioi euro urteko). Diru kopuru horri, hala ere, Ekialdeko Barrutiak barruti horretako proiektuetarako bideratzen duen zenbatekoa gehitu behar zaio, bere aurrekontu osoaren %50. “Prozesu horri esker, donostiarrek hiriaren eta auzoen premiei buruz hausnartu ahal izango dute, eta hobekuntzak proposatu ahal izango dituzte hainbat eremutan, ingurunean eragin positiboa sortuz”, nabarmendu du Eneko Goia alkateak.
Hain zuzen ere, herritarren proposamenak aurkezteko epea astelehenean irekiko dute, hilaren 10ean. Apirilaren 6ra arte egongo da zabalik epe hori, eta Donostian erroldatutako pertsonek ez ezik, hiriarekin lotura duten 16 urtetik gorakoek —egoiliarra izatea, jabetzaren bat izatea, hirian lan egitea edo ikastea eta aisialdia hirian pasatzea da lotura izatea, udalak zehaztu duenez— eta o udal erregistroan inskribatutako elkarteek egin ahalko dituzte proiektu proposamenak, modu telematikoan edo presentzialean, auzoetan egingo dituzten bileretan.
Horrela, aurtengo berritasunetako bat da auzoetan egingo dituzten bilera irekiak ez direla soilik informatiboak izango, baizik eta horietan proposamenak egin ahalko direla. Beste berritasun bat ere badago aurten, Mariaje Idoeta Ekintza Komunitarioko eta Auzoetako zinegotziak nabarmendu duenez: “Prozesu honetarako gehieneko inbertsioa 300.000 eurotik 400.000 eurora igo da, proiektu handiagoak sartzen laguntzeko”. Eta, hirugarren berritasuna iaz sorturiko Igeldoko Toki Erakunde Txikiari buruzkoa da, partaidetzazko aurrekontuen prozesu propioa garatuko baitu bere lurralde eremuan, aurrekontu propio batekin, nahiz eta hiriko proposamenak egin eta bozkatu ahal izango dituzten, baita ere.
Faseak eta irizpideak
Partaidetzazko Aurrekontuetarako proiektu proposamenek irizpide hauek bete beharko dituzte, Idoetak azaldu duenez: udal eskumenekoak izatea, udal politika orokorrarekin kontraesanean ez egotea, interes orokorrekoa izatea, inbertsioa dakarren proiektua izatea, dagokion urtean egikaritzeko modukoa izatea, hurrengo aurrekontuak ez konprometitzea, bideragarritasun azterketa gainditzea, 400.000 euroko gehieneko inbertsioa egitea, aurreko partaidetza prozesu baten emaitza ez baliogabetzea edo onartutako udal plan baten aurka ez joatea eta balio demokratikoen eta giza eskubideen aurka ez jotzea. Era berean, ez dituzte onartuko diruz lagundu daitezkeen proiektuak, azterlanen idazlanak, proiektuen idazlanak eta espazio publikoen egiturazko estalkiak.
Lehenengo fasea herritarrek proposamenak aurkeztekoa izango da, hilaren 10etik apirilaren 6ra abian egongo dena. Hortik aurrera, beste lau fase edukiko ditu prozesuak: proposamenak aztertzea (apiriletik irailera), proposamenak argitaratzea (irailaren 29tik urriaren 5era), proposamenen bozketa (urriaren 13tik 26ra) eta boto gehien jaso dituzten proposamenak argitaratzea (urriaren 27tik aurrera). “Boto horiekin, herritarrek hurrengo bi urteetako aurrekontuetan sartuko diren proposamenak lehenetsiko dituzte”, gehitu du Idoetak.