Donostian abiatuko da aurtengo Laburbira, euskarazko film laburrak ezagutzeko zikloa

Martxoaren 6an San Telmo museoan egingo den aurrestreinaldiarekin hasiko du bere ibilbidea 2025eko Laburbirak, euskaraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuituak. Aurrestreinaldia Primeran plataformak eta Taupa mugimenduak antolatu dute elkarlanean, San Telmo museoaren laguntzarekin. 18:00etan hasiko da.
Ondoren, eta apirilaren 11a bitartean, Euskal Herri osoko 50 herritan ikusi ahal izango da aurtengo bilduma. Egutegi osoa Laburbiraren webgunean dago ikusgai.
Aurtengo ediziora 35 lan aurkeztu dira eta horietarik, zortzi film hautatu dira herriz herri ikusi ahal daitezen. Orotara 97 minututako film labur sorta ikusgarria osatu da ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaini asmoz. Hauek, hurrenez hurren, aurtengo edizioan ikusgai izango diren film laburrak:
- Betiko gaua (Eneko Sagardoy).
- Prosopagnosia (Ekain Martinez).
- Plazer bat (Sonia Estavez).
- Europa (Ekain Irigoien).
- Pentsatzen dut (Karmele Mitxelena).
- Hor konpon (Jone Arriola).
- Goodbay kepler (Nerea Ayala, Patricia Fañanas, David Modroño, Iraia Yarto).
- Utlandsk (Alba Lozano).
Bi helburu nagusi ditu Laburbirak: euskal zinemagintza hauspotzea batetik, zinemagileei beraien lanak erakusteko aukera emanaz, eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea, bestetik.
Hogei urteotan bide arrakastatsua egin du Laburbirak: euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala bihurtu da, eta zirkuito egonkor eta zabal bat eskaintzen duen neurrian, industria osoaren pizgarri moduan ere eragiten du.