Ikusgai dago jada 'Emakumeak zientzian. Aldaketa ahotsak' erakusketa
Afrikako emakume zientzialarien ikerketa eta ekarpena ikusarazten dituen erakusketa Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean egongo da ikusgai martxoaren 16ra arte.

Emakumeak zientzian. Aldaketa ahotsak erakusketa martxoaren 16ra arte ikusgai dago EHUko Donostiako Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean, Anesvad Fundazioak antolatu du erakusketa hau, osasunaren arloan espezializatutako Afrikako emakumezko zientzialarien lana eta ekarpena ikusarazteko. Bereziki, Artatu Gabeko Gaixotasun Tropikalen (AGT) aurkako borrokan izan duten eragina azpimarratzen du, gaixotasun horiek 1.000 milioi pertsona baino gehiagori eragiten baitiete mundu osoan.
Susanna Martinen ilustrazioen bidez, Afrikako zortzi emakume ikertzaileren istorioak jasotzen dira, haien inpaktu eraldatzailea erakusteko. Erakusketa Donostian egongo da martxoaren 16ra arte, eta ondoren Leioako campusera eramango dute, martxoaren 17tik 26ra.
Ekimen hau Think Outside the Box dokumentalaren jarraipena da eta Anesvadek genero berdintasuna eta osasun globalerako ikerketa sustatzeko duen konpromisoa berresten du. “Afrikako emakume zientzialariek sobran frogatu dute beren talentua eta osasun globalaren aurrerakadari egin dioten ekarpena, baina, hala eta guztiz ere, oztopo ugari gainditu behar dituzte oraindik beren ikerketen aitorpenerako eta finantzaketarako. Ondorioz, funtsezkoa da emakume ikertzaile horiei eta osasun globalari egin dioten ekarpenari ikusgarritasuna ematea, eta erakusketa honen bitartez, haien lanaren aitorpena bultzatzen jarraitu nahi dugu, zientzia esparruan gero eta emakume gehiagoko parte hartzeak duen garrantzia azaltzeaz gain”, nabarmendu du Iñigo Lasa Anesvadeko zuzendari nagusiak.