Laugarren mugikortasun agente bati eraso egin diote Donostian
Eneko Goia alkateak irmoki salatu ditu azkenaldian Donostian gertatzen ari diren eraso horiek: "Ez dago eskubiderik". Erasoak pairatu dituzten lau agenteetako hiru emakumeak dira.

Azken hilabetean Donostiako hiru mugikortasun agentek erasoak pairatu dituztela jakinarazi zuen udalak pasa den astean, eta laugarren eraso bat erregistratu dutela salatu du gaurkoan (hilak 4) Eneko Goia alkateak. Tokiko Gobernu Batzordearen osteko ohiko prentsaurrekoan eman du erasoaren berri, baita “gogoeta eta kezka” adierazi ere.
Laugarren eraso hori, Goiak azaldu duenez, pasa den larunbatean gertatu zen, Valentin Olano kalean; ez zen eraso fisikoa izatera heldu, baina bai ahozko jazarpenezkoa, eta Udaltzaingoak esku hartu behar izan zuen. Alkateak zehaztu duenez, agentea hesi bat jartzen ari zenean gertatu zen erasoa, une horretan, herritar bat agentea jazartzen hasi baitzen. Azken erasoa ez da fisikoa izan bere horretan, baina Goiak nabarmendu du eraso fisikoak ere gertatu izan direla.
Lau erasoetako hiru emakumezko mugikortasun agenteek pairatu dituztela baieztatu du Goiak, eta, zentzu horretan, “bereziki adi” daudela nabarmendu du, “egon daitekeelako eraso matxista baten zantzua”. Hain zuzen ere, zehaztu du Matia kalean gertatutako erasoan berdintasuneko protokoloa aktibatu zutela, baita gertakaria eraso matxista gisa salatu ere.
“Lekuz kanpo”
Azken hilabetean erregistratu dituzten lau eraso horietatik harago joan da Goia: “Badaude hainbat pertsona, sareen bidez, gaia berotzen ari direnak, errespetu faltak egiten dituztenak eta, gero, horrelako gauzak gertatzen dira. Errespetu falta horiek erabat lekuz kanpo daude. Udal langileek euren lana egiten dute, eta norbaitek gaizki edo oker jokatzen badu, bideak badira identifikatu eta salatzeko. Baina ez da bidezkoa udal langileen aurka jendea xaxatzea eta berotzea”.
Ildo horretatik, “elkartasun osoa” adierazi die “erasoak jasaten dituzten mugikortasun langileei”, baita gertakarien aurkako “gaitzespenik irmoena” adierazi ere: “Ez dago eskubiderik euren lana egiten ari diren pertsonek halako erasoak jasan behar izateko. Nahikoa da, eta dei egin nahi diot jendeari udal langileak errespetuz tratatu ditzan euren lanean, euren lana egiten ari direlako”. Era berean, gaineratu du erasoak pairatu dituzten udal langileei “babes juridiko osoa” eskainiko diela udalak.