Neurri bereziak hartuko dituzte Realaren eta Manchester Uniteden arteko partidarako

Manchester Unitedeko 2.000 jarraitzailek euren taldea animatuko dute etzi, hilak 6, 18:45ean Realaren aurka jokatuko duten partidan, Anoetan. Europako final-zortzirenetako joaneko partida jokatuko dute bi taldeek, eta Ingalaterrako zaleek kaleak hartuko dituzte egun osoan zehar.
Gainera, Donostiako Udalak, Realak, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak segurtasun dispositibo bereziak koordinatuko dituzte, eta ostegun arratsalde osoan, Anoeta inguruko sarrera irteeretan segurtasuna bermatzera bideratutako hainbat neurri zehaztu dituzte. Hori dela eta, arduradunek garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute estadio ingurura hurbiltzeko, izan ere, une batzuetan hainbat trafiko mozketa egin daitezke, besteak beste, estadiora taldeen autobusen edo kanpoko zaleen iritsierak direla eta.
Aldizkako trafiko mozketak
16:00etatik aurrera, trafikoa tarteka eten ahal izango da Urumea pasealekuan, Madril hiribidean (Pio XII.aren plazatik aurrera), Errondo pasealekuan (Portutxo plazatik aurrera) eta Zorroaga pasealekuan (Toribio Alzaga eta Aita Donostia plazen artean).
Era berean, goizeko lehen ordutik ezingo da ibilgailu pribatuan sartu Anoetako barrura; beraz, estadioaren inguruan dauden instalazioetara (Izotz Jauregia, Karmelo Balda, Paco Yoldi, Antonio Elorza belodromoa edo Josean Gaska kiroldegia) edozein kirol jarduera egitera joateko asmoa dutenei oinez edo garraio publikoan joatea gomendatu diete. Ibilgailu pribatuan egin behar izanez gero, Illunbe ingurura bideratuak izango dira, eta bertan aparkatu beharko dute. Ondoren, GI-20 zeharkatzen duen oinezkoen pasabidetik Anoetako kirol eremura sartu ahal izango dira.
Partida amaieran, ohi bezala, Aita Donostia plazaren inguruko trafikoa 15-20 minutuz etenda egongo da, Anoetatik ateratzen diren zaleen irteera arintzeko.
Amara Berriko auzotarrak
Anoetan Realak partidak jokatzen dituen gainerako egunetan bezala, 5-1 Amara sektoreko TAO baimena duten egoiliarren ibilgailuak 1-2 Erdialdea, 1-5 Morlans, 5-2 Loiolako Erriberak eta 5-3 Loiola sektoreetan aparkatu ahal izango dute martxoaren 5etik 7ra (biak barne). Sektore horietan, TAOko titularrei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatuko zaizkie.
Hala ere, egoiliar horiek ezin izango duten doan aparkatu nahitaezko ordainketako eremuetan (15 eremuetan), ezarritako erregulazio ordutegiaren barruan.
Edonola ere, partidara joaten diren zaleei laguntza eskatzen zaie, ahal den neurrian ibilgailu pribatuarekin estadioaren ingurura ez hurbiltzeko, eta ordezko bideak erabiltzea gomendatzen dute, hala nola GI-20 eta GI-40), bai eta egingo diren joan etorriak aurrez aurretik planifikatzea ere.
Poliziak presentzia areagotuko du
Egun osoan zehar, Ertzaintza eta Udaltzaingoa hirian barrena ibiliko dira, lanegun bateko ohiko jarduerak eta partidaren aurreko giroa bermatzeko.
Era berean, gogorarazi dute kirolaren bortizkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako legeak debekatu egiten duela bengalak kirol esparruetan eta inguruetan sartzea, eramatea edo erabiltzea, nahiz eta bide publikoan erabiltzea Hiri Segurtasuna Babesteko Legeak ere zigor dezakeen, betiere zigor arloko arau haustea ez bada.
Iazko azaroaren 28an eta urtarrilaren 30an neurri bereziak ezarri zituzten Donostian. Reala Ajaxen eta PAOK Salonikaren aurka aritu zen Anoetan, hurrenez hurren. Gainera, bisitariek antzeko jarraitzaile kopurua izan zuten, bi mila inguru.
Bi aldi horietan, ultrak saihestu ahal izan ziren, joan den urriaren 3an Anoetan Anderlechteko talde erradikalarenak bezalako istiluak izateko arriskua ahalik eta txikiena izan zedin. Salbuespena, txuri-urdinen azken partidan eman zen. Izan ere, 60 zale inguru baino ez zituen erakarri Gipuzkoara.