'Aldaketen garaiak (70eko eta 80ko hamarkadak)' erakusketa ikusgai apirilaren 3ra arte, Tomasenen

Aldaketa Garaia (70eko eta 80ko hamarkadak) erakusketa ikusgai egongo da, Tomasenen, apirilaren 3ra arte. Bertan, Altzako Tokiko Bildumaren dokumentu esanguratsuak bildu dituzte, garai hartan izandako aldaketak islatzen dituzten materialekin: argazkiak, aldizkariak, egutegiak, eranskailuak eta bideoak, besteak beste. Dokumentu horietako asko berriki katalogatu dituzte, eta lehen aldiz ikusgai daude.
Erakusketa hau ez da soilik 1970eko eta 1980ko hamarkadetako oroitzapen bat, baizik eta garai hartako gizarte mugimenduak eta aldaketa nagusiak hobeto ulertzeko aukera bat. Bertan 28 panel ikus daitezke, eta bakoitzak garai hartako gai garrantzitsu bati buruzko informazioa eskaintzen du: auzo elkarteen mobilizazioak, auzo berrien eta industrialdeen sortzea, euskararen aldeko lana, politika, heroinaren eragina gizartean, jaiak, eta abar.