Egiako hainbat emakume talderen solasaldia antolatu dute Teila Fabrikan, «elkar ezagutu eta goxatzeko»

Martxoaren 8aren bueltan, topagune izaera izango duen emakumeen solasaldi bat antolatu dute Egiako Teila Fabrikan, Aliantzak ehuntzen lelopean. Ostegunean izango da (hilak 6), 18:30ean, eta auzoko hainbat emakume talderen esperientziak izango dituzte hizpide, itsasoko jarduerekin, mendikoekin eta frontoikoekin lotura duten egitasmoei buruzkoak, zein emakumeek kalean eta plazan duten presentziari buruzkoak.
Egitasmoaren ideia nondik datorren azaldu du Teila Fabrikako kide Ekhiñe Atorrasagastik:”Jabetu gara azkenaldian Teila Fabrikatik pasatu direla eta hemen gorpuztu direla auzoan presentzia duten eta auzoen plazaratzean eta espazio publikoan ahalduntzean ekarpena egin duten auzotar ugari”.
Horrela, sortze prozesuan dagoen Emakumea Surflari elkarteko kide batzuk egongo dira euren esperientziak partekatzen; Lilatoian parte hartu duten eta mugimendu feministako kideak diren auzotarrak ere egongo dira; Egia Eskubaloia klubeko ordezkariak egongo dira baita ere, “klubak paper handia jokatuko duelako auzoko belaunaldi askoren ahalduntzerako eta belaunaldiak josteko” eta, Egialai pilota elkarteko kideek ere hartuko dute parte: “Porrontxo jaietako pilota eta pala txapelketekin, nahiko naturalizatuta gaude emakumeak auzoko frontoian. Baina, Egialairekin, presentzia indartzen ari da eta loraldi bat bizitzen ari da auzoko pilotaren mugimendua”, nabarmendu du Atorrasagastik. Era berean, “konfirmatzeke” daude martxa nordikoan aritzen diren emakume jubilatu batzuk, Teila Fabrikako kideak zehaztu duenez.
“Helburua da emakume horiei guztiei ikusgarritasuna ematea eta irudikatzea auzoaren komunitatean egikaritzen diren esperientziak ere badaudela, aldarrikapenetatik harago”, nabarmendu du Atorrasagastik, eta, gaineratu du elkarren berri izateak “ahaldundu” egiten dituela auzoko emakumeak: “Garrantzitsua da elkar goxatzea, elkar topo egitea eta elkarrekin topa egitea, gure gorputzak goxatu egin behar direlako, baita ere”.