«Gu koxkeroak ginen, eta beti izan dugu jende alaiaren fama»
Mikel Mendizabal bikoiztaile eta irakaslea elkarrizketatu du BERRIA egunkariak. Donostiarra da sortzez, baina hiru hamarkada daramatza Oiartzunen bizitzen.

Elbira Zipitriaren ikaslea izan zen Mikel Mendizabal, eta elkarrizketa mamitsua eskaini dio BERRIA egunkariko Urtzi Urkizu kazetariari, Oiartzungo Altzibar auzoan duen etxean. Solasaldiko pasarteetako batzuk topatuko dituzue jarraian, eta osorik hemen irakur dezakezue.
Donostiarra zara jaiotzez.
Baina donostiarren hiritartasun hori ez daukat. Parte Zaharrekoa naiz, eta kito. Aitonak zeukan okindegi baten gainean bizi ginen.
Familiaren euskaltzaletasuna garrantzitsua izango zen seme-alabentzat.
Aita euskalduna zen. Ama, ez, baina gero ikasi zuen. Elbira Zipitriarekin ikasi zuen amak euskara, gauez, ilunpean, euskara erabat debekatuta zegoen garai batean. Haurrak jaio aurretik ekin zion euskara ikasteari amak. Kontuan hartu behar da garai hartan Donostian inork ez zuela euskaraz egiten [frankismoaren lehen urteak ziren]. Baserritarrak ere denak gaztelaniaz aritzen ziren.
Esaten da Parte Zaharrean hiru auzo zeudela.
Bai, koxkeroak, joxemaritarrak eta kaikuak. Gu koxkeroak ginen, eta beti izan dugu jende alaiaren fama. San Bizente elizaren ingurukoak ginen. Danborradaren asmakuntzak-eta koxkeroen kontuak izan ziren. Bestetik, asko kantatzen zen inguru horretan.
Amak zer egiten zuen kalean euskaraz hitz egiteko?
Ba, baserritar bat aukeratu zuen Bretxan, salerosketa euskaraz egiteko prest zegoena. Kontuan izan inork ez zuela euskaraz egin nahi: oso gaizki ikusia zegoen. Amak praktikatu nahi zuen, ordea. Gure etxean bestela zen, derrigortuta zegoen euskaraz egitea. Donostian fenomenoa halakoa zen: etxe barru askotan egiten zen euskaraz, baina kalean dena erdaraz. Donostia izan da euskararen salbatzailea, gauza askogatik.
Hainbesterako?
Zipitriarena oso ondo dago, bai. Pentsa zer diren ikastolak, eta oinarria bera da. Baina zer guraso talde bildu zen bere seme-alabak garai hartan euskarazko eskola batera eramateko? Zipitria ez zen inor izango ikaslerik egon ez balitz. Guraso haiek arriskatu ziren, eta seinalatuta zeuden. Guraso haiei esker muntatu ziren gauza pila bat.
Zer, adibidez?
Irratia. Nire etxean euskarazko emankizunak egiten hasi ziren. Jangelan mahai handi samar bat zegoen, eta gogoan dut Alemaniatik kontrabandoz ekarritako magnetofoi bat zegoela. Lau neska-mutil ginen, eta txapelketa txiki bat egiten genuen: emanaldiak Donostiarrak izena zuen. Loiolako Herri Irratian emititzen zen, arrosarioarekin batera, bestela debekatua zegoen eta. 36ko gerraren ostean, euskarazko lehen irrati saioa izan zen Loiolako Herri Irratiaren hura. Zoritxarrez, zinta horiek galduta daude.