Igeldoko toki entitate txikia «aurrerapauso» bat dela dio EH Bilduk

Bihar arratsaldean izendatuko dute Igeldo toki entitate txiki, eta “berri onaren” inguruko balorazioa plazaratu du EH Bilduk. “Igeldo herria zoriontzeaz gain, azken hilabete hauetan eta aurreko urteotan herriaren alde egindako lan guztia eskertzeko unea da”, adierazi dute. 17:00etan Itsas Aurren egingo den ekitaldian parte hartuko dute Donostiako EH Bilduren ordezkariek.
Horrekin batera, udal taldeak gogoratu du beti egon direla, daudela eta egongo diela “herrien borondatea errespetatzearen alde”: “Igeldoko herritarrek hiru aldiz argi hitz egin dute, eta aurrekoetan ez bezala, oraingo honetan errespetatu egin da galdeketa baten emaitza. Aurrerapauso bat da, bai, eta espero duguna da aurrerantzean Igeldoren borondatea ere entzutea eta aintzat hartzea etorri litezkeen eskaera edota kontsultetan”.
Bestalde, adierazi dute prozesu honetan Igeldoko Herri Kontseiluak eskatu zuela toki entitate txikirako alderdi politikoek izendatu behar zituzten ordezkariak Igeldokoak izatea eta, ahal zen neurrian, herriaren dinamiketan aktiboki inplikatuta dauden pertsonak eta bizilagunak izatea. “Bost ordezkaritik lau EH Bilduri hautatzea zegokion eta gure aldetik adierazi behar dugu bermatu dugula eskaera, izan ere lau ordezkariak daude herrian sustraituta eta denak daude herriarekin konprometituta”, nabarmendu dute. Horrela ere, aukeratutako lau horiek ez dira EH Bilduren ordezkariak, Igeldoko Herri Kontseiluarenak baizik.