Igeldoko toki entitate txikiaren batzorde kudeatzailea izendatzeko unea iritsi da

Iazko apirilean egin zuten Igeldo toki entitate txiki (TET) bihurtu ala ez erabakitzeko galdeketa. %84,6k baietz bozkatu zuten, eta horrela, entitate txikiaren prozesuari hasiera eman zioten Igeldoko Herri Kontseiluak eta Donostiako Udalak. Hilabeteetako itxaronaldiaren ondoren, pasa den abenduan Gipuzkoako Foru Aldundiak Igeldo toki entitate txiki bihurtzea onartu zuen.
Hiru hilabete beranduago, bihar (hilak 6), aldundiak entitate txikiaren batzorde kudeatzailea izendatuko du. Hauteskundeak egin bitartean, batzorde horrek zuzenduko du entitate txikia. EH Bilduk Igeldoko lau ordezkari aukeratu ditu, Igeldoko Herri Kontseiluko Karmele Garmendia, Eneko Dorronsoro, Iker Zinkunegi eta Pedro Maria Galarraga. EAJk, berriz, Iñigo Barandiaran hautatu du.
Ekitaldia Igeldoko Itsas Aurre elkartean izango da, 17:00etan. PPk adierazi du ez dela bertan egongo, entitate txikia eratzea eraginkorra eta beharrezkoa ez dela eta “auzo bat eta bizilagun gutxi batzuk saritzen” direla iritzita.
Eskumenak
Eskumenak bi fasetan lekualdatuko direla aurreratu zuten abenduan. Toki entitate txikia sortzearekin batera, honako zeregin hauek kudeatuko ditu: bide publikoen, eraikin publikoen, parkeen eta lorategien mantentze lanak, argiteria, kultura eta euskara sustatzea, kirol jarduerak eta administrazio orokorra. Bi urtez iraungo duen lehen fasearen ostean, kudeaketa hainbat esparrutara zabaltzea da asmoa: hirigintza, etxebizitza, ingurumena eta Igeldoko errepide orokorra ere kudeatuko ditu.
Era berean, Udalinfo eta gizarte zerbitzuak lehen urtean deszentralizatuko dira, baita zeharkako zerbitzuak ere, hala nola administrazio elektronikoa, gardentasuna eta egoitza fisikoa eta elektronikoa. Kudeaketa horren zuzendaritzari dagokionez, batzorde kudeatzaile batek zuzenduko du, aldundiarekin eta udalarekin lankidetzan. Hurrengo udal hauteskundeen ondoren, batzorde horren ordez auzo batzar bat egingo da, alkatea aukeratzeko.