Jarduera ugari antolatu dituzte Intxaurrondon, Emakumeen Astearen barruan

Intxaurrondo Berri emakumeen elkarteak eta Donostia Kulturak XXXVII. Emakumeen Astea antolatu dute Intxaurrondo Kultur Etxean, Martxoaren 8aren bueltan. Askotariko jarduerak antolatu dituzte, ostegunetik asteartera.
Ostegunean (hilak 6), Mendi Urruzunoren Hamaika emakume*, hamaika erronka erakusketa inauguratuko dute eta apirilaren 25era arte egongo da ikusgai. Argazki bilduma horretan, “emakumea* eta kirola binomioan dauden hainbat gairen inguruan arreta” jarri du Urruzunok, Donostia Kulturak nabarmendu duenez. Halaber, ostegunean bertan, asteko manifestua irakurriko dute kultur etxean 19:00etan, eta Sara Mansillak kontzertua emango du ondoren.
Ostiralean (hilak 7), Emakumea eta kirola bertso saioa egingo dute, 19:00etan, Alaia Martin, Oihana Iguaran eta Elixabet Pagola bertsolariekin; Ainhoa Urien izango da gai jartzailea.
Martxoaren 8an (larunbata), 12:30ean Antiguako tuneletik abiatuko den manifestazioaren aurretik, berdintasunaren aldeko martxa egingo dute auzotik: 10:30ean hasiko da, Sagastieder plazan eta Antiguako tunelean bukatuko da, 12:30ean.
Hurrengo astean, Telmo Iragorriren 2024ko Traineras, pasión por el remo filma proiektatuko dute kultur etxean, astelehenean (hilak 10) 19:00etan. Azkenik, asteartean (hilak 11), Mujer y deporte hitzaldia eskainiko dute Tati Garmendiak, Cristina Ubanik, Garbiñe Etxeberriak eta Miren Martiarenak, Eva Monente kazetariak moderatuta..