Abortuaren aurkakoei aurre egin die Donostiako Itaiak

Asteazkenean hasi zen garizuma (apirilaren 17an amaituko da), Aste Santuaren aurreko 40 eguneko liturgia kristaua, non, besteak beste, haragia jatea debekatuta dagoen fededunentzat. Ohiko legez, ordea, abortuaren aurkako ultra katoliko batzuk Easo plazan elkarretaratzen hasi dira, Askabide klinikatik gertu. Hori dela eta, Donostiako Itaiako hainbat kidek aurre egin diete gaur (hilak 6), “abortuaren aurkako kriminalizazioa salatu eta abortu unibertsal eta doakoa aldarrikatzeko”.
“Ideia erreakzionarioak gero eta onartuago daude, horregatik garrantzitsua da beti existitu diren ideia antiabortistei aurre egitea, horiek gehiago hedatu ez daitezen. Horren aurrean, inoiz baino garrantzitsuago da Martxoaren 8an kaleak hartzea, ideia matxistak, erreakzionarioak eta faxistak ez normalizatzeko. Hori dela eta, dei egiten diegu emakume langile orori antolatu eta Martxoaren 8an kaleak hartzera, 18:00etan, Bulebarretik!”.
Askabide klinika, ultra katolikoen jomugan
40 días por la vida (Berrogei egun bizitzaren alde) lelopean, urtero, haurdunaldia eteten duten zentroen inguruan kanpaina egiten dute ultra katolikoek, garizumarekin batera. Donostian ez ezik, Euskal Herrian eta Espainia Estatuko hainbat hiritan ere abortuaren aurkako “bijiliak” egiteko deia egiten dute. Orain arte, urtero elkartu izan dira Askabide klinikaren aurrean, eta urteak dira Askabidek jazarpena pairatzen duela. Ordea, Abortuaren lege berrituaren ondorioz, debekatuta dago klinika hauetako langileak eta kliniketara doazen emakumeei jazartzea. Legeak behartzen die gutxienez ehun metrora egitea protesta.
2022ko apirilean, Donostian, mobilizazio indartsua izan zen talde ultra katolikoak eta eskuin muturreko hainbat taldek egindako elkarretaratzeen aurka. Izan ere, Askabideren aurrean protestek eta mehatxuek urteak daramatzaten arren, azken mobilizazioan aldaketa bat izan dela nabaritu zuten Amarako bizilagunek. ‘Rezar no es delito’ delako elkartea da antolatzailea, baina honen atzean eskuin muturraren eskua ikus daiteke: Enraizados, Hazte Oir, Vox eta eskuin muturreko bestelako elkarteen babesarekin.