Egialairen bigarren urteurrena martxoaren 22an ospatuko dute

Duela bi urte sortu zen Egialai euskal pilota elkartea, eta bigarren urtez jarraian, martxoaren 22a iristeko irrikan daude, “iazko arrakasta berriro ospatzeko”. Goizean goizetik, Egiako frontoian eguneko txapelketa antolatuko dute, 10:00ak aldera, non parte hartzaileek lehia bizia izango duten giro paregabean. Horrez gain, musika ezin hobeak girotuko du ekitaldia, festarako egokiak diren doinu alai eta dibertigarriekin batera: Pelax eta Txusta musikariak arituko dira. Behin goiza amaituta, bazkari herrikoia egingo dute Arrano elkartean. Azkenik, egunari amaiera emateko, Ilargi txarangaren erritmo alai eta dantzagarriak izango dira, jaia behar bezala borobiltzeko.
Txapelketan izena emateko, helbide elektroniko honetan eman behar da izena: egia.alai@gmail.com. Bestalde, bazkarirako txartelak Egiako Kata eta Koxko tabernetan erosi behar dira.
Duela urtebete egin zen lehen aldiz ekitaldia eta irudiak hemen ikus daitezke.
Kiroletik haratago
Egialai pilota elkartea Egiako hainbat bizilagunen beharretatik sortu zen. Auzoko talde askok beste auzo batzuetako frontoietara jo behar izaten zuten pilotan jokatzeko, Martutene eta Egia baitira frontoi irekirik ez duten auzo bakarrak. Horregatik, talde bat elkartu eta elkartea sortzea erabaki zuten, auzoan pilota sustatzeko eta kirol eskaintza zabaltzeko.
Elkarteak pilota ikastaroak antolatzea du helburu, besteak beste, zesta-punta ikastaroak eta pala ikastaroak antolatu dituzte bi urteotan. Gainera, auzoari ekarpena egin diote, pilotatik haratago joanez, eta euskarazko aisialdia eta emakumeen parte hartzea bultzatzeko konpromisoa dute helburu.