«'Euskaraz' hitza entzun, eta aurre egin zidan»
Astelehenean jakin zen berria: ordu txikietan, Renfeko zinpeko guardia bat gazte bati oldartu zitzaion Tolosan, mutilak euskaraz aritzeko eskatu ziolako. Ondoan zuen adiskidearekin batera, gertatu zena kontatu nahi izan du gazteak.

EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek astelehenean eman zuen albistea: goizaldean Tolosako tren geltokiko zinpeko guardia batek eraso egin zion gazte bati, mutilak hari euskaraz hitz egiteko eskatu ondotik. Irudiak ere zabaldu zituzten, eta lurrean gerarazita ikusten da gazte bat. Ez zegoen bakarrik, adiskide batekin zegoen, eta zer gertatu zen azaltzeko elkartu dira biak. Anonimoki mintzatu dira. Eman dituzte, hala ere, beraiei buruzko hainbat datu: 18 urte ditu batek, eta 19 besteak, Donostiakoak dira, eta EHEko kideak. Hitza hartu nahi dute halakoen gainean abisu emateko. Izan ere, lurrean mugitu ezinda eduki zuten gazteak ez du zalantzarik: agenteari euskaraz jarduteko eskatzeak eragin zuen portaera hura. «‘Euskaraz’ hitza entzun, eta aurre egin zidan».
Inauteriek sona handia dute Tolosan, eta, beste gazte askoren eran, han festa giroan ibili eta gero etxera bueltatu nahian zebiltzan bi gazteak; orduan gertatu zen dena. Goizaldeko ordu bata inguru zen, eta Donostiarako tren bat ateratzera zihoan, baina jendez gainezka zegoen. Hala ere, geltokiko arduradunen gomendioei kasu eginez, bagoietara hurbildu ziren gazteak. Azaldu dutenez, gerturatzeko esan zieten arduradunek, tokiren bat libre ote zen ikusteko. «Botoia sakatzen hasi ginen, atea irekitzen zen ikusteko». Zinpeko zaintzaile bat «garrasika» hurbildu zitzaien orduan, gaztelaniaz, oldarkor: «Ez al duzue ikusten itxita dagoela? Lehenago etorri behar zenuten! Orain izorra zaitezte!». Orduan gazteetako batek «lasaitzeko» eskatu zion, eta «euskaraz» egiteko.
Eske horri erantzunez, «garrasika» jarraitu zuen guardiak, eta euskararen kontra mintzatu zen. Halaxe oroitzen ditu gazteak zaintzaileak esandakoak: «Euskara? Espainian zaude, eta espainieraz hitz egingo dizut, eta zuk espainieraz erantzungo didazu. Ez bazaizu gustatzen, izorra zaitez». Ustekabea izan zen gazteentzat erantzun gogor hura. Ez zuten uste «eztabaida» huts zirudien horrek halako tankera har zezakeenik. Erantzun egin zioten gazteek: «Esan genion ez zeukala hori esateko eskubiderik».
Albiste hau Berria-tik ekarri dugu, CC lizentziei esker; hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.