Hirian ekintzailetza eta berrikuntza bultzatzen duten emakumeak aitortu dituzte
Donostia Sustapenak Emakumeekin sariak banatzen dituen bigarren urtea da, Aitziber Lopez Kortajarena ikertzailea, Ana eta Elena Orella ekintzaileak eta Askora enpresa izan dira aintzatetsiak.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Aitziber Lopez Kortajarena ikertzailea, Ana eta Elena Orella ekintzaile donostiarrak eta Askora enpresak jaso dituzte Emakumeekin sariak. Eneko Goia alkatea, Ekonomia eta Tokiko Enplegurako zinegotzi Ane Oiarbide eta Donostia Sustapeneko zuzendari kudeatzaile Iñigo Olaizolak banatu dituzte sariak EKINN eraikinean. Donostia Sustapenak bigarren urtez egindako aitortza da, Donostian ekintzailetza izpiritua garatzen duten eta berrikuntza bultzatzen laguntzen duten emakume eta erakundeak aintzatesten ditu. Hiru sari daude: STEAM bokazioak bultzatzen dituen emakume ikertzailea, hiria eraikitzen duen emakume ekintzailea eta berrikuntzaren eta emakumeen talentuaren aldeko apustua egiten duen enpresa.
Aitziber Lopez Kortajarenak STEAM bokazioak bultzatzen dituen emakume ikertzaile bikaina saria jaso du. CIC BiomaGUNEko zuzendari zientifikoa da 2022tik eta nanoteknologia biomolekularreko laborategiko burua. Epaileek nabarmendu dute modu aktiboan laguntzen duela zientzian emakumezko erreferenteak ikusarazten eta STEAM bokazioak sortzen. “Lidergoa sustatzeko eta zuzendaritza-postuak betetzeko egiten duen lanak ikerketa-arloa sendotzeaz gain, belaunaldi berriei zientzia eta teknologia arloetako karrerak jarraitzeko inspirazioa ematen die”.
Ana eta Elena Orella Mateu ahizpek, berriz, Hiria eraikitzen duen ekintzailetza saria eskuratu dute. Honek Anhelo markaren sortzaileek egindako “bide inspiratzailea” aintzatetsi nahi du. Marka “sortzailea eta berritzailea” da lehengai bereizleak eta negozio lerro berriak txertatzen dituztelako. Gainera, Anhelok “pertsonak eta ingurumena errespetatzen dituzten produktu kosmetikoak ditu, eta lan-bizitza bateragarri egitea bultzatzen du, langileei ordutegi malguak eskainita”.
Azkenik, Emakumeen talentuaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten duen tokiko enpresa gisa aitortu dute Askora. Elikaduran eta kolektiboentzako zerbitzuetan berezitutako enpresa, gizonen eta emakumeen arteko aukera berdintasuna sustatzeaz gain, ekitate- eta errespetu-balioekin ere egiten du lan, hezkuntza txiki-txikitatik bultzatuz. “Mahi-Mai eredu berritzaileak ikasleen garapena, gizarte-kontzientzia, jasangarritasuna eta ohitura osasungarriak sustatzen ditu, eta, ikastetxeekin eta familiekin lankidetzan arituta, berrasmatu egin ditu zerbitzuak, korporazio-eremutik harantz joanez eta gizartea eraldatzen lagunduz. Horrez gain, berdintasuna bultzatzen duten sareen zati da (Erantzunkide Sarea eta Emakunde) eta hainbat proiektutan hartzen du parte (Emaktiva). Horri esker, lidergo sendoa du emakumeen berdintasunaren eta enplegagarritasunaren esparruan”.
Alkateak eskertu egin die beren lana “erreferente” izatera eraman baititu, bai hiriko emakumeentzat bai donostiar guztientzat ere. Hala jarraitzeko eskatu die beren “etorkizuneko arrakastak hiriaren arrakastak ere” izango baitira. Halaber, nabarmendu du beraiek bezalako emakumeei esker dela Donostia ekintzailetzaren hiria. “Zuen lana eta irmotasuna jarraibide dira, bai enpresek emakumeen talentuaren aldeko apustua egiten jarrai dezaten, baita belaunaldi berrientzat ere, generoa zeinahi den ere hiri honetan ekintzaile izatea etorkizuneko apustua dela ikus dezaten”. Oiarbide zinegotziak, berriz, “funtsezkotzat” jo du sarituak bezalako emakumeen talentua ikusarazten eta aitortzen jarraitzea, “hesiak hautsi eta bidea irekitzeko gai” izan direlako. “Funtsezkoa da gaur egungo neska eta gazteak zuek bezalako erreferenteekin esparru guztietan haztea: zientzian, ekintzailetzan, teknologian, kulturan… Horrela bakarrik bermatu ahal izango baitugu talentuak generorik ez izatea eta aukerak benetan berdinak izatea guztientzat. Udaletik, ekitatearekin dugun konpromisoa berresten dugu, ezberdintasunak ezabatzen eta emakumeen lidergoa indartzen laguntzen duten ekimenak bultzatuz eta babestuz. Izan ere, emakumeak bultzatzen dituen gizartea aurrera doan gizartea da”, laburbildu du.
Aurtengo hautaketan, Aspegi, Emakumeak Zientzian, DonostiaShops edota Ostalaritza Elkarteak egindako proposamenak izan dituzte kontuan. Sari banaketan, berriz, ekintzailetzan, zientziaren eta beste sektore profesional batzuen eremuan emakumeen presentzia sustatzeko lan egiten duten erakunde ugari izan dira.